Mundua -
Gerra Ukrainan
Errusiak telebista dorre bat bonbardatu du Kieven, eta etxetik alde egiteko eskatu die herritarrei
60 kilometro luze den errusiar konboi militar bat hiribururantz doan bitartean, Errusiako Armadak Kharkiv eta ekialdeko beste hainbat hiri bonbardatu ditu.
EITB Media
Borroka gero eta latzagoak dira orduek aurrera egin ahala, Errusiak Ukrainaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik seigarren egunean.
Astearte arratsaldean, Errusiako Defentsa Ministerioak ohartarazi du Kiev bonbardatuko duela une batetik bestera. Horren esanetan, eraso "zehatzak" izango dira Inteligentzia instalazioen aurka, baina, hala ere, gertu dauden herritarrei "etxetik ateratzekoa" eskatu die. Iragarpena egin eta gutxira, Errusiako Armadak telebista dorre bat bonbardatu du Kieven.
Erasoan bost pertsona hil eta bost zauritu dituzte, Ukrainako Larrialdi Zerbitzuak Facebook sare sozialaren bidez jakitera eman duenez.
Hain justu, gaur goizean jakin da 60 kilometro luze den konboi militar bat Kieverako bidean dagoela, hiriburua hartzeko. Bitartean, Moskuk ekialdeko hainbat hiri bonbardatu ditu, Kharkiv (herrialdeko bigarren hiri populatuena) tartean. Bertan, misil batek hiriko administrazioaren eraikina suntsitu du.
Konboia Kieveko ipar-mendebaldeko errepideetan ikusi dute, hiriburuaren erdigunetik 30 bat kilometrora, Maxar Technologies enpresa estatubatuarrak argitaratutako satelite-irudien arabera.
Are gehiago, Maxarren beste satelite-irudi batzuek erakutsi dute Errusiak handitzen jarraitzen duela Bielorrusiako ibilgailu militarren, aireko baliabideen eta armamentuaren kopurua, herrialdearen ekialdean, Brest hiritik mendebaldeko Homeleraino, CNN telebista-kate estatubatuarrak jakinarazi duenez.
Dirudienez, Priborsk hiritik iparraldera dagoen Antonov aire basetik atera zen ibilgailu blindatuek, tankeek, atoian eramandako artilleriak eta beste ibilgailu batzuek osatutako zutabe militar handi hori, Unian Ukrainako albiste-agentziaren arabera.
Zelenskik gerra krimenak salatu ditu
Bestalde, Ukrainako presidenteak Errusiak gerra krimenak egin izana eta, bereziki, astelehenean Kharkiv hiriaren kontra egindako bonbardaketa "basatia" salatu ditu. Hori dela eta, Errusiako misilak, hegazkinak eta helikopteroak airetik kanpo uzteko eremu bat eskatu du, baina ez du aipatu aire eremu hori nork eta nola ezarri beharko lukeen.
"Gaur indar errusiarrek bortizki eraso dute Kharkiv, artilleriako obusekin. Gerra krimen nabarmena da", adierazi du Zelenskik telebistan emandako hitzaldian.
"Kharkiv hiri baketsua da. Bizitegi-eremu baketsuak daude, instalazio militarrik gabeak. Dozenaka lekukotzek frogatzen dute ez direla tiro galduak, nahita egindako suntsipena baizik. Errusiarrek bazekiten nora ari ziren tiroka", azaldu du.
Igor Terekhov Kharkiveko alkateak jakitera eman duenez, "bederatzi pertsona hil dira, 37 zauritu eta 87 bizitegi-eraikin kaltetu dira Errusiako bonbardaketen ondorioz" azken orduetan.
AEBk baztertu egin du Errusiari aire eremua debekatzeko aukera, AEBren eta Errusiaren arteko zuzeneko gatazkarako urratsa izango litzatekeela uste baitu.
Horren harira, Etxe Zuriko bozeramaile Jen Psakik gogorarazi duenez, "presidenteak oso argi esan du ez duela asmorik tropa estatubatuarrak Errusiarekin gerra batean borrokatzera bidaltzeko", eta gaineratu du aireko bazterketak militar estatubatuarren hedapena ekarri beharko lukeela "zuzeneko edo potentzialki zuzenekoa litzatekeen gatazka bat, eta beharbada Errusiarekin gerra bat ekar lezakeena, eta ez dugu horretan sartzeko inongo asmorik".
Tropa errusiarrak aurrera egiten ari dira
Ukrainako eta Errusiako indar armatuek galerak izan dituzte Moskuk Sumy hirian, Ukraina ipar-ekialdean, egindako erasoan. Unian albiste-agentzia ukrainarrak jakinarazi duenez, Ukrainako Armadak 100 ibilgailu militar errusiar suntsitu ditu hiri horretan. Antikor atari ukrainarraren arabera, 70 hildako (zibilak eta soldaduak) zenbatu dituzte ukrainarren artean eta "hildako ugari" errusiarren artean. Errusiako artilleriak unitate militar bat jo du erasoan, eta hondakinen artetik gorpuak atera dituzte, horren esanetan.
Komunikazioetarako eta Informazioaren Babeserako Estatuko Zerbitzuaren hitzetan, hegoaldean, Itsaso Beltzaren ertzean dagoen Mariupol hiria Ukrainako Armadaren kontrolpean dago, baina Errusiak airetik egindako erasoaren ondorioz, ia hornikuntza elektrikorik gabe geratu da azken orduetan.
Bestalde, Ukrinform albiste-agentzia ukrainarrak jakinarazi duenez, Errusiak Kherson hiria erasotzeari ekin dio, eta zehaztu du tropa errusiarrak aireportutik Mykolaiveko errepidera joan direla.
Sirenak berriro entzun dira astelehen gauean Kieven, eta herrialdeko beste toki batzuetan, Volinia, Ternopil eta Rivne Ukraina ipar-mendebaldeko eskualdeetan, esaterako, aire-erasoak ez dira amaitu, The Kiev Independent egunkariaren arabera.
Gainera, hedabide horren arabera, Kievetik gertu dauden Vinnytsiako eta Bila Tserkvako herritarrei aterpeetara joateko eskatu diete.
Bestalde, Donbasseko independentistek (Errusiaren aldekoak) esan dute Ukrainaren esku zeuden 29 herri kontrolpean dituztela, eta Ukrainako Armadak Donetsk eskualdeko Horlivka hiriaren aurka artilleriarekin egindako erasoak salatu dituzte. Diotenez, 16 zibil zauritu dituzte eraso horietan.