Mundua -
gerra ukrainan
Europar Batasuneko liderrek zigor gehigarriak adostu dituzte Errusiaren aurka
Liderrek zigorrak ontzat eman ostean, dagozkien izapide formalak jarraitu beharko dituzte, indarrean sartzeko. Hurrengo pausoa ostiral honetan izango da, Bruselan egingo duten Kanpo ministroen ezohiko batzorde batean.
agentziak | eitb media
Europar Bastasuneko liderrek Errusiaren aurkako zigor berriei bide eman diete ostegun honetan, Ukraina inbaditu izanagatik. Besteak beste, finantza-sektoreari, energiari, erabilera bikotzeko ondasunei, garraioari edo bisei eragingo diete.
Bruselan egindako bileraren ondorioen arabera, zigorrek finantza-sektoreari, energiaren eta garraiobideen sektoreei, erabilera bikoitzeko ondasunei, esportazioen kontrol eta finantzaketari edo bisen politikari eragingo diete, batik bat. Era berean, adierazi dute komunitate-zigorren eraginpeko errusiar gizabanakoen zerrenda handituko dela.
Liderrek zigorrak ontzat eman ostean, dagozkien izapide formalak jarraitu beharko dituzte, indarrean sartzeko. Hurrengo pausoa ostiral honetan izango da, Bruselan egingo duten Kanpo ministroen ezohiko batzorde batean.
"Europako Batzordeak erabat gaitzesten du Errusiako Federazioak Ukrainaren aurka egindako eraso militar bidegabea", ondorioen arabera. Gainera, Moskuri eskatu diote Ukrainaren aurkako erasoa "berehala" gelditzeko.
Era berean, nabarmendu dute Errusiak "eraso honen eta ekarriko dituen suntsipen eta bizitzen galeraren ardura osoa" duela, eta gaineratu dute Moskuk horrekiko kontu eman beharko duela.