Mundua -
Errusia-Ukraina gatazka
Segurtasunari lotutako gaiak mahai batean negoziatu ditzala eskatu diote EBk eta NATOk Errusiari
Europar Batasunak eta NATOk uste dute Moskuk Ukrainako mugara eraman dituen tropak erretiratu behar dituela, eta bere arazoak Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen baitan konpontzea proposatu dio.
AGENTZIAK | EITB Media
Errusiako Gobernuak Europako segurtasunari buruz planteatu zituen kezken aurrean, Europar Batasunak eta NATOk erantzun bateratua igorri diote. Hala, segurtasunaren alorreko arazo eta kezka guztiak Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen baitan konpontzea proposatu diote.
"Sergei Lavarov ministroak igorritako gutunei Europar Batasuneko estatuen izenean erantzun diet. Tentsioak eta desadostasunak elkarrizketaren eta diplomaziaren bidez konpondu behar direla esan diot", adierazi du Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikako goi-ordezkariak.
"Errusiari desaskalatzea eskatzen diogu, eta Ukraina eta Bielorrusiako mugetara eraman dituen tropak erretiratzea", erantsi du.
Horrez gain, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Aliantza Atlantiarraren babes "politikoa eta praktikoa" berretsi dio Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari. Bi agintariek telefonoz hitz egin dute gaur.
Itsaso beltza blokeatzea egotzi dio Ukrainak Errusiari
Bestalde, Gobernu ukrainarrak salatu du Errusiaren ontziak "maniobrak egiteko aitzakiarekin" itsaso Beltza, Azov itsasoa eta Kerch itsasartea blokeatzen ari direla.
Kremlinetik, berriz, nazioarteko araudia betetzen dutela erantzun dute. Errusiako Armadak 140 ontzi, 60 aireontzi eta 10.000 militar mobilizatu ditu zonalde horretan. Maniobrak urtarrilean hasi zituzten eta datorren astean tiroketa entseguak egingo dituzte Krimeatik hurbil.
Oleg Nikolenko Ukrainako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak ohartarazi du "aurrekaririk gabeko" maniobrak direla eta "ia ezinezkoa" dela itsaso Beltzean nabigatzea. "Horrek kalte ekonomikoak eragin ditu gure portuetan", salatu du.
Gauzak horrela, aliatuei deia egin die Errusiaren "ekintza larri honek dagokion erantzuna jaso dezan".
Errusia pertsonala ebakuatzen hasi da Kieven duen enbaxadatik
Bitartean, Errusiak iragarri du funtsezkoa ez den pertsonala erretiratuko duela Kieven duen enbaxadatik. Gainerako langileek bertan jarraituko dute, oraingoz, eta gainerako herrialdeek zer egiten duten ikusi arte itxarongo dute ebakuazioa hasi ala ez erabakitzeko
Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Alemaniak, Kanadak, Australiak eta Japoniak urtarrilean iragarri zuten beren enbaxadak jendez husteko asmoa, gerraren beldur.
Volodimir Zelenski presidente ukrainarrak Mendebaldeko herrialdeen jarrera kritikatu zuen eta oinarririk gabe izua zabaltzea aurpegiratu zien, Errusiaren mehatxu militarra duela urte asko pairatzen dutela eta berria ez dela nabarmenduta.
"Akatsa da. Nork bere enbaxadan jarraitu behar duela uste dut", berretsi zuen.