Mundua -
MIGRAZIO KRISIA
Polonia eta Lituania hesiak eraikitzen hasi dira eta horiek finantzatzea aztertuko du Europar Batasunak
Mugako hesiak Europako diruarekin finantzatzea babestu du Europako Kontseiluko presidenteak. Europako Batzordeko presidentea, bere aldetik, aurka agertu da.
Onintza Aiestaran | EITB Media
Europar Batasunaren (EB) eta Bielorrusiaren arteko krisi betean, Polonia eta Lituania mugan eraikitzen hasi diren hesiak EBko diruarekin egitea babestu du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, ostera, aurka agertu da.
Bielorrusia eta Polonia arteko mugan milaka pertsona migratzaile harrapatuta daude, ez atzera ez aurrera. Europar Batasunak Bielorrusiari ezarritako zigorrei erantzunez, Alexandr Lukaxenkoren gobernuak mugak ireki dizkie migratzaileei. Testuinguru horretan, geroz eta estatu gehiagok uste dute Europar Batasunari dagokiola mugako hesiak ordaintzea.
Poloniako Gobernua 420 kilometroko hesia eraikitzen hasi da Bielorrusiarekin duen mugan, eta 350 milioi euroko aurrekontua aurreikusi du horretarako. Hainbat herrialdek, Bielorrusiarekin muga egiten duten Lituaniak, Letoniak eta Poloniak barne, agiri bat sinatu dute, hesiak Europar Batasuneko diruarekin ordaintzea eskatzeko.
Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea Mateusz Morawieck Poloniako lehen ministroarekin batzartu da aste honetan. Besteak beste, Polonia eta Bielorrusia arteko mugan gertatzen ari denaren aurrean, "azkar eta erabakitasunez" jokatzea aldarrikatu du.
Josep Borrell EBko diplomaziaburuak, bere aldetik, Batasuneko baliabideak mobilizatzea eskatu du Polonia eta Bielorrusia arteko migrazio krisiari aurre egiteko. Horren ustez, migratzaileek bidaia hasten duten puntuari erreparatu behar zaio. Borrellen esanetan, udan azkar eten zuten migratzaile oldea Irakeko Gobernuarekin hitz eginda. Orain, baina, hegaldiak Jordaniatik, Libanotik eta Egiptotik ateratzen ari direla nabarmendu du.
Astelehenean, Europar Batasuneko 27 estatu kideetako Atzerri Gaietarako ministroen bileran, hesien gaia izango dute hizpide.