Mundua -

Migrazio krisia

2.000 migratzaile baino gehiago batu dira Bielorrusia eta Polonia arteko mugan

Tartean umeak daude, eta ez dute janaririk, urik eta hotzari aurre egiteko arropa nahikorik. Polizia poloniarrak gas negar-eragilea erabili du migratzaileek muga igarotzea saihesteko.

2.000 migratzaile baino gehiago saiatu dira Bielorrusia eta Polonia arteko muga igarotzen. EFE
2.000 migratzaile baino gehiago saiatu dira Bielorrusia eta Polonia arteko muga igarotzen. EFE
2.000 migratzaile baino gehiago saiatu dira Bielorrusia eta Polonia arteko muga igarotzen. EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2.000 migratzaile baino gehiago saiatu dira Bielorrusiatik Poloniara igarotzen, baina Poliziak aurre egin die eta muga zeharkatu barik geratu dira. Bielorrusiako Muga Batzordeak adierazi du egoera "tentsio handikoa" dela zonalde horretan.

Zerkalo atari digitalak zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, Polizia poloniarrak gas negar-eragilea jaurti die hesia igarotzen saiatu diren migratzaileei.

Hainbat errefuxiatu alanbrez egindako hesia hausten ahalegindu dira eta horretarako eskura zutena erabili dute: palak, egur zatiak eta trafikoko seinaleak.

Bielorrusiako albiste-agentzia ofizialaren arabera, migratzaile gehienak kurduak dira eta Alemaniaraino iritsi nahi dute Poloniatik pasatuta.

Migratzaile asko haurrekin ari dira bidatzen eta ez dute janaririk, urik eta hotzari aurre egiteko arropa nahikorik. Kanping dendak zabaldu eta su txikiak piztu dituzte gaua bertan igarotzeko asmoz.

Mugaren beste aldean, ehunka polizia daude, migratzaileei Polonian sartzea galarazteko aginduarekin.

Poloniak, Letoniak eta Lituaniak larrialdi egoera ezarri zuten duela hilabete batzuk Bielorrusiatik abiatutako migratzaileen kopuruak nabarmen egin duelako gora.

Herrialde horiek nahiz Europar Batasunak Alexandr Lukashenko presidente bielorrusiarrari egotzi diote egoera honen guztiaren ardura. Areago, migrazio-krisia berak sustatu duela salatu dute, Europar Batasunaren kontrako mendeku moduan, erbestean dagoen Bielorrusiako oposizioari babesa eman diolako.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Europa Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Polonia albisteak