Mundua -
Koronabirusa
Molnupiravir, covid-19aren aurkako lehen pilula, erabiltzea onartu du Erresuma Batuak
Proban positibo eman eta gaixotasun larria garatzeko gutxienez arrisku faktore bat duten pazienteetan erabili ahalko dute. Positibo eman eta berehala edo aurreneko bost egunetan hartu beharko lukete.
Agentziak | EITB Media
Molnupiravir, covid-19aren aurkako lehen pilula antibirala, erabiltzeko baimena eman dute Erresuma Batuko osasun arduradunek. Proban positibo eman eta gaixotasun larria garatzeko gutxienez arrisku faktore bat duten pazienteetan erabili ahalko dute.
MHRA sendagaien agentziak ohar batean azaldu duenez, botika "segurua eta eraginkorra da ospitaleratze eta heriotza arriskua murrizteko, covid arina edo moderatua duten arriskuko pertsonetan".
Sayid Javid Osasun ministroak sare sozialetan azpimarratu duenez, Erresuma Batuarentzat "egun historikoa" da; izan ere, "etxera eraman daitekeen antibiral bat onartzen duen munduko lehen herrialdea da".
Sendagai gomendagarria da, esaterako, pertsona gizenentzat, 60 urtetik gorakoentzat eta diabetesa edo bihotzeko arazoak dituzten pazienteentzat.
MHRAk zehaztu duenez, positibo eman eta berehala edo aurreneko bost egunetan hartu beharko lukete sendagaia.
Pertsona zaurgarriek egunean bi aldiz hartzeko gomendioa eman dute adituek. Hasiera batean, gripea sendatzeko garatu zuten botika.
Merck eta Ridgeback Biotherapeutic Ameriketako Estatu Batuetako konpainiek garatu dute molnupiravir. Pilula bezala har daitekeen covid-19aren aurkako lehen tratamendua da, txertoaren ordezkoa.
Kopiak egiteko birusak erabiltzen duen entzimari eraso egiten dio sendagaiak; ondorioz, birusa biderkatzea saihestu eta karga birala maila baxuetan uzten du gorputzean, eta gaixotasunaren larritasuna murrizten du horrela.
June Raine MHRAko kontseilari delegatuaren ahotan, botika "covid-19aren kontrako gure armaduraren beste terapia bat da". Sendagaia onartzea garrantzitsua da, ospitaletik kanpo hartzeko aukera ematen duelako, gaineratu duenez.