Mundua -
COP26
Ekologistak mesfidati, 450 banku handik deskarbonizazioa finantzatzea promestu ondoren
Erakunde ekologista handiak eszeptiko agertu dira promes berrien aurrean. Greenpeacek kritikatu duenez, iragan hilean gas, petrolio eta ikatz proiektu berrien finantziazioa gelditzeko bide-orri bat errefusatu zuten bankuek.
Agentziak | EiTB Media
45 estatutako kreditu erakunde pribatu handik munduaren deskarbonizazioa finantzatzeko konpromisoa hartu dute. Hala ere, ekonomia handiek garapen bidean dauden herrialdeei zor dizkieten funtsak ordezkatuko ez dituela ohartarazi du COP26 goi-bilerako presidenteak.
HSBC, Santander, Deutsche Bank, Morgan Stanley, BVVA, J.P Morgan, Banorte Finantza Taldea, Mitsubishi UFJ, Bancolombia odo Bank of America bezalako 450 bankuk 112 bilioi euro mahai gainean jartzeko konpromisoa sinatu dute. Mark Carney NBEko finantza klimatiko arduradunak adierazi duenez, "trantsizio globalerako beharrezkoa dena baino gehiago da".
"Dirua hemen da. Baina diruak zero isuriekin bat datozen proiektuak behar ditu", gaineratu du Carneyk. Orain egitasmo jasangarriak behar dituztela azpimarratu du, Glasgowko Finantza Aliantzaren bidez inbertsio horiek bideratzeko.
Gainera, dirua promes hori benetan betetzen ari dela neurtzeko eta egiaztatzeko mekanismoekin lagundu beharko dute.
Kapital pribatu kopuru erraldoi horrek mende bukaeran tenperaturek 1,5 gradu baino gehiago igotzea saihestu nahi du, baina estatu aberatsek garapen bidean daudenei zor dieten 20.000 milioi dolarreko arrakala ez du betetzen, 2015an Parisko Akordioan jasotako konpromisoaren arabera.
Hitzordu klimatiko garrantzitsu hartan, munduko ekonomia handietako gobernuek garapen bidean dauden herrialdeei urtero (2020-2025) 100.000 milioi dolar emateko konpromisoa hartu zuten, trantsizio energetikoan laguntzeko.
Baina 2020an 79.600 milioi bakarrik iritsi ziren, Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, eta zulo hori 2023a baino lehen betetzea ez dute espero, Alok Sharma COP26ko presidentea onartu duenez.
Horregatik, erakunde ekologista handiak eszeptiko agertu dira promes berrien aurrean. Greenpeacek kritikatu duenez, iragan hilean gas, petrolio eta ikatz proiektu berrien finantziazioa gelditzeko, Nazioarteko Energia Agentziak diseinatutako bide-orri bat errefusatu zuten bankuek.
Kirolak isuriak murrizteko konpromisoa hartu du
Bestalde, kirol munduak 2030ean berotegi efektuko gasak erdira murrizteko eta hamar urte beranduago neutraltasun klimatikoa lortzeko konpromisoa hartu du.
SC4A osatzen duten kideek, besteak beste, Nazioarteko Batzorde Olinpikoa, FIFA, Athletics Kenya, BBC Sport, Premier League, Formula E and Munster Rugbyk akordioa sinatu dute. Guztira, 280 kirol erakunde dira.