Mundua -

Afganistan

Panjshir probintziaren “erabateko kontrola” dutela adierazi dute talibanek

Hala ere, islamisten informazioa "faltsua" dela eta borrokan jarraituko dutela adierazi dute erresistentziako miliziek.

Soldadu talibanak, artxiboko irudian: EFE.
Soldadu talibanak, artxiboko irudian: EFE.
Iparraldeko Panjshir eskualdea ere talibanen esku gelditu da, nahiz eta erresistentziak hori ukatu duen

1:15

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan talibanek iragarri dutenez, konkistatzeke zuten Panjshir probintziaren kontrola hartu dute. Zabihula Mujahid talibanen bozeramailearen arabera, "matxinoetako batzuk" hil dituzte eta gainerakoek ihes egin dute.

Hala ere, Erresistentzia Nazionaleko Fronteko miliziek gezurtatu egin dute islamistek probintzia kontrolpean hartu izana. Ildo horretan, baieztatu dute "ehunka mujahidin" harrapatu dituztela inguruan izandako borroketan.

"Talibanek Panjshir okupatu dutela esatea gezurra da. Erresistentziako indarrak leku estrategiko guztietan daude borrokarekin jarraitzeko. Afganistango herriari ziurtatzen diogu talibanen eta kideen aurkako borrokak aurrera jarraituko duela justizia eta askatasuna nagusitu arte", argitaratu dute erresistentziako kideek Twitter sare sozialean.

Khaama Press Afganistango albiste agentziaren arabera, Fahim Dashti erresistentziako kideen bozeramailetako bat hil da igande honetan, eta azken borroketan Abdul Wodod jenerala ere hil da.

Ordu batzuk lehenago, Ahmad Masud erresistentziako buruzagia "egungo arazoak konpontzeko eta borrokak berehala amaitzeko" prest agertu zen, "negoziazioekin jarraitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Afganistan