Mundua -
Koronabirusa
Europako Batzordeak bertan behera utzi du AstraZenecaren aurkako auzi-eskea
Horren truke, AstraZenecak banatu ez zituen covid-19aren aurkako txertoak eman beharko ditu: 135 milioi dosi urte amaierarako eta beste 65 milioi txerto martxoaren amaieran.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordeak AstraZeneca enpresa farmazeutikoari egindako auzi-eskea bertan behera uztea erabaki du, banatu ez zituen covid-19aren aurkako txertoak ematea adostu ostean.
Batzordearen oharraren arabera, AstraZenecak 135 milioi dosi emango ditu 2021. urtearen amaierarako eta 65 milioi txerto martxoaren amaieran.
"Estatu-kideek dosiak jasotzeko egutegi berria izango dute eta deskontu mugatuak izango dituzte dosiak ekoizteko prozesuan atzerapenik izanez gero", esan du Europako Batzordeak.
Auzi-eskea
Bruselak AstraZenecaren aurkako salaketa aurkeztu zuen 2021eko apirilean, 2020ko abuztuan Europar Batasunarekin koronabirusaren aurkako txertoak emateko sinatutako akordioa ez betetzeagatik.
Hala ere, bi aldeek beste akordio bat adostu dute auzi-eskea bertan behera uzteko.