Mundua -
Koronabirusa
Italian covid-19aren aurkako txertoa jartzea derrigorrezkoa izango da
Hala iragarri du Mario Draghi lehen ministroak, datarik zehaztu ez badu ere. Halaber, sistema immunologiko ahula duten pertsonei hirugarren dosia ematen hasiko dira irailaren bukaeran.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mario Draghi lehen ministroak iragarri du Italian derrigorrezkoa izango dela covid-19aren aurka txertatuta egotea, neurri hori indarrean noiz sartuko den zehaztu ez badu ere.
Horrez gain, iraila bukaeran sistema immunologiko ahula duten pertsonei txertoaren hirugarren dosia ematen hasiko direla jakinarazi du. Ildo horretan, gogora ekarri du txertoa jartzea derrigorrezkoa dela osasun arloko langileentzat eta baldintza hori beste sektore eta kolektibo batzuetara zabaltzea aztertzen ari direla aurreratu du.
Italian txertatzea derrigorrezkoa izango ote den eta hirugarren dosia jarriko duten galdetuta, Draghik baietz erantzun du, eta erantsi du kontrol zentro bat ezarri dutela, osasun ziurtagiriaren erabilera zaintzeko.
Covid-19 ziurtagiria ezinbestekoa da garraio publikoa erabiltzeko eta agintariak beste eremu batzuetara zabaltzea aztertzen ari dira.