Mundua -

Afganistan

AEBk Estatu Islamikoaren aurkako erasoa egin du Kabulen, "berehalako mehatxu bati aurre egiteko"

Kabulgo Khajeh Baghra auzoko eraikin baten aurka jaurtigai bat bota duten egun berean egin dute eraso estatubatuarrek. Gutxienez sei pertsona hil dira, horietako hiru adin txikikoak, lehen informazioen arabera.

Gutxienez bost pertsona hil dira Khajeh Baghra auzoko eraikin baten aurkako erasoan. Argazkia: EFE
Gutxienez bost pertsona hil dira Khajeh Baghra auzoko eraikin baten aurkako erasoan. Argazkia: EFE
Gutxienez bost pertsona hil dira Khajeh Baghra auzoko eraikin baten aurkako erasoan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Estatu Islamikoko ustezko kideak zeramatzan auto baten kontrako erasoa egin dute igande honetan Kabulen (Afganistan), "berehalako mehatxu bati aurre egiteko asmoz", ostegunean talde terrorista horrek Hamid Karzai Nazioarteko aireportuaren aurka egindako atentatua aldarrikatu ostean. Eraso hartan, 170 pertsona baino gehiago hil ziren.

Bill Urban AEBko Komando Nagusiko bozeramaileak ohar baten bidez jakinarazi duenez, estatubatuarrek drone batekin jaurti duten misil batek ibilgailu bat suntsitu du Kabulen, "Estatu Islamikoaren berehalako mehatxua" zelako Kabulgo aireportuaren kontra. Ildo horretatik, tropa estatubatuarrek bertan jarraitzen dutela gogora ekarri du.

"Ziur gaude helburua lortu dugula", nabarmendu du Urbanek. Droneak jaurtitako misilak autoaren kontra talka egin ostean, "bigarren mailako leherketa esanguratsuak" izan dira, eta horrek esan nahi du ibilgailuak "lehergai asko" zeramatzala.

Testuinguru horretan, Pentagonoak Estatu Islamikoko kideek bonba-autoekin atentatuak egiteko zituzten asmoen berri bazuela gaineratu du Urbanek.

Estatubatuarrek jaurtitako drone batek Afganistango Nangarhar probintzian talde terroristako bi ustezko buruzagi hil eta beste bat zauritu ostean etorri da AEBren eraso berria.

Hain zuzen ere, Kabulgo Khajeh Baghra auzoko eraikin baten aurka jaurtigai bat bota duten egun berean egin dute eraso estatubatuarrek. Gutxienez sei pertsona hil dira, horietako hiru adin txikikoak, baina oraindik ez dago datu ofizialik.

AEBk ez du ordezkari diplomatikorik izango Afganistanen

Bestalde, Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak esan du Washingtonek ez duela ordezkari diplomatikorik izango Afganistanen asteartetik aurrera.

ABC hedabideari eskainitako elkarrizketa batean, Blinkenek zehaztu du AEBk diplomazia-mailan aurrera jarraituko duela eskualdean. Ildo horretatik, talibanek "datozen aste eta hilabeteetan" izango duten jarreraren arabera Afganistango hiriburuan, Kabulen, AEBren enbaxada berriro irekitzea edo ez aztertuko dutela gaineratu du.

Bidenen Gobernuaren arabera, Afganistandik 300 bat herritar ebakuatzeko lanean ari dira oraindik.

"Eraso gehiago egiteko arrisku handia dago gaur eta asteartean", azpimarratu du Blinkenek, eta "misio oso arriskutsu baten unerik zailena" dela gaineratu du.

AEBko indarrak aireportuko eremu militarrean daude oraindik, herritarrak eta misioko kideak zein koalizioak herrialdean dituen kolaboratzaleak ebakuatzen.

Testuinguru horretan, 48 ordu baino gutxiago falta dira talibanek estatubatuarrei eta aliatuei herrialdea erabat uzteko emandako epea betetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Afganistan