Mundua -

Afganistan

Talibanek Kabulgo aireportura joatea debekatu diete afganiarrei

Bestalde, The Washington Post egunkariak jakinarazi duenez, CIAren zuzendaria talibanen buruzagiarekin bildu zen astelehenean Afganistango egoeraz eta ebakuazioaz hitz egiteko.

Zabiullah Mujahid talibanen bozeramailea, bi militar ondoan dituela. Argazkia: EFE
Zabiullah Mujahid talibanen bozeramailea, bi militar ondoan dituela. Argazkia: EFE
Zabiullah Mujahid talibanen bozeramailea, bi militar ondoan dituela. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Talibanek Kabulgo aireportura joatea debekatu diete herritarrei, inguru horretan kaosa saihesteko eta segurtasuna bermatzeko aitzakiarekin. Neurri horrekin, baina, Afganistandik ihes egin nahi duten pertsonen ebakuazioa oztopatuko dute.  

"Emirerri Islamikoak (talibanak) egoera kontrolatu nahi du. Aireporturako bidea itxi egin dugu. Afganiarrak ezin dira hara joan; atzerritarrek soilik dute baimena aireportura joateko", adierazi du Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileak agerraldi publiko batean.

Egunez egun, jende pilaketak handiagoak direla eta herritarren segurtasuna arriskuan dagoela esanez justifikatu du erabakia. Ildo horretan, Ameriketako Estatu Batuetako tropei egotzi die aireportuaren inguruan izandako heriotzak.

"Jendetza pilatzen denean, herritarren kontra tiroka hasten dira. Guk afganiarrak babestu nahi ditugu", erantsi du.

Talabinek boterea abuztuaren 15ean eskuratu zutenetik, aireportuan hamarnaka mila lagun batu dira Afganistandik alde egiteko hegaldiren bat hartzeko asmoz. Kaosa nagusi da eta egunotan 20 bat hildako izan dira.

Mujahidek prentsaurrekoan baieztatu du ez dutela onartuko ebakuaziorako epea luzatzea eta, beraz, nazioarteko tropak abuztuaren 31rako erretiratuko direla espero du.  

"AEBk abuztuaren 31rako ebakuatu beharko ditu bere lagun guztiak. Epea luzatzen badute, aldebakarreko erabakia izango da eta gurekin egindako akordioa urratuko dute", ohartarazi du.

CIA talibanekin bildu da

Bestalde, The Washington Post egunkariak gaur argitaratu duenez, William J. Burns CIAko zuzendaria eta Abdul Ghani Baradar talibanen buruzagia sekretupean bildu ziren joan den astelehenean Kabulen, Afganistango egoerari buruz hitz egiteko.

CIAk ez du batzarraren inguruko xehetasunik eman, baina funtzionario batek CNN telebistari kontatu dio ebakuazioak abuztuaren 31rako amaitzeko aukeraz aritu zirela.

Gaur, Joe Bidenek baieztatu du tropa estatubatuarrak ordurako erretiratuko direla Afganistandik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Afganistan