Mundua -
Krisia Afganistanen
Kabuldik ebakuatutako afganiar bat atxilotu dute Frantzian, talibanekin lotura duelakoan
Kabuldik aberriratu zituzten beste lau afganiar ere zaintzapean jarri dituzte. Guztira, mila pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte Afganistandik Parisera.
EITB MEDIA
Kabuldik aberriratutako bost herritar afganiar zaintzapean jarri dituzte Frantziako agintariek, Gerald Darmanin Barne ministroak jakinarazi duenez, eta horietako bat Poliziaren esku dagoela baieztatu du, talibanekin lotura duelakoan.
Darmaninen hitzetan, Afganistango mila herritar eta Frantziako ehun inguru Kabuldik Abu Dhabira ebakuatu dituzte, eta handik Parisera. Horren arabera, prozesu "nahasia" izan da, eta, ondorioz, abuztuaren 15ean matxinoek Afganistango hiriburua hartu zutenetik ezin izan dituzte herritar guztiak aztertu ontziratu aurretik.
Horrela, azterketa Frantzian egin behar izan dute, eta, Darmaninen arabera, ebakuatuetako batek talibanekin lotura "argiak" zituela baieztatu dute. Hala ere, ministroak Franceinfori eskainitako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, pertsona horrek berak "asko lagundu zien Frantziako Armadari, frantsesei eta kazetariei".