Mundua -
Afganistan
Hiru lagun hil dira Kabulen, ministro baten egoitzari egindako erasoan
Azken hiru hilabeteetan, talibanek 125 barruti-zentro bereganatu dituzte, bi hamarkada hauetan gerran izan duten lorpenik handiena.
Agentziak | EITB Media
Afganistango Gobernuak iragarri duenez, astearte honetan bonba-auto batekin eraso egin duten hiru matxinatu hil dituzte. Ondoren, tiroketa izan da Kabulen, Bismillah Khan Mohammadi Defentsa ministroaren etxean, baina onik atera da.
Mirwais Stanekzai Barne Ministerioko bozeramaileak azaldu duenez, ingurua arakatzen ari dira balizko matxinatu ezkutuen bila, "hainbat terrorista zibilen etxeetan sartu eta segurtasun indarrekin tiroka aritu ostean".
Leherketa 20:00ak aldera izan da, hiriburuko erdiguneko auzo batean, "Gune Berdea" izenarekin ezagutzen den segurtasun handiko aireportutik gertu. Hasieratik pentsatu dute erasoaren jomuga Defentsa ministroa zela.
Ghulam Dastagir Nazari Osasun Publikoko Ministerioko bozeramailearen hitzetan, anbulantziek hamar zauritu eraman dituzte, eta "arriskutik kanpo" daude. Hala ere, borroken ondorioz ezin izan dira inguru horretara iritsi, eta "biktima kopurua handiagoa" izango dela iragarri du.
Afganistanen ezegonkortasun handia dagoen une batean gertatu da erasoa, maiatzaren 1ean atzerriko tropak herrialdetik erretiratzen hasi zirenean talibanek aurrekaririk gabeko erasoaldia izan baitzuten.
Azken hiru hilabeteetan, talibanek 125 barruti-zentro bereganatu dituzte, bi hamarkada hauetan gerran izandako lorpenik handiena, eta probintziako hainbat hiriburu setiatuta dituzte; Kandahar eta Lashkar Gah, hegoaldean, eta Herat, mendebaldean, esaterako.