Mundua -
Klima aldaketa
Uholdeak gero eta sarriago gertatuko dira Lurraren berotzeagatik, Alemaniako aditu baten esanetan
Dieter Gerten Potsdameko Unibertsitatearen klimatologia eta hidrologia adituak onartu duenez, ez zuten espero Alemaniako mendebaldean gertatu diren uholdeak “hain handiak” izatea, eta hain eremu zabalari eragitea.
EiTB Media | Agentziak
Alemaniako mendebaldean gertatutako uholdeak bezalakoak gero eta sarriagoak izango direla ohartarazi du Dieter Gerten Potsdameko Unibertsitatearen klimatologia eta hidrologia adituak. Ehun pertsona baino gehiago hil dira dagoeneko euri-jasa bortitzen ondorioz.
Lurraren berotzearen ondorioz, Alemanian, Europan eta mundu osoan muturreko gertakari meteorologiko gehiago ikusiko dira, modelo klimatikoek urteak daramatzate iragartzen, Gertenek (Bitburg, 1970) azpimarratu duenez. Aditua Berlingo Humboldt Unibertsitatean irakaslea ere bada.
Patroi klimatikoen aldaketek Lurraren berotzearekin zerikusia dutela begien bistakoa dela uste du irakasleak. Berotzea, "noski", berotegi efektuko gasen isuriaren ondorio dela berretsi du Gerterrek.
"Munduko eskualde askotan muturreko gertakarien pilaketa klima aldaketa globalaren seinale serio bat da, eta areagotuko da urteak joan eta urteak etorri ahala", nabarmendu du.
Herrialde industrializatuak arduradun nagusiak direla esan du. Gerterren ahotan, nazio guztiek "serioan hartu" beharko lituzkete Paris bezalako akordio klimatikoen konpromisoak, gas kutsakorrenen isuriak pixkanaka murrizteko.
Uholdeak gertatzeko aukera handiagoak baldin badira, hirigintza plangintza garrantzitsua izango da aurrerantzean. Horregatik, eraikinak eta hiriak ibaietan eraikitzearen arriskuaz ohartarazi du adituak.
Mendeko uholderik larrienak Alemanian
Euri-jasek Alemanian eragindako uholdeak mendeko okerrenak dira, eta azken hiru hamarkadetan Europan izandako larrienetarikoak.
Nahiz eta iragarpenek euri-jasa bortitzak eta uholdeak gertatzeko arriskuaren berri eman, ez zuten espero Alemaniako mendebaldean gertatu diren uholdeak "hain handiak" izatea, eta hain eremu zabalari eragitea, Gertenek onartu duenez.
Eskualde horren historian aurrekaririk ez duten uholdeak izan dira, eta ez jendeak, ezta zientzialariek ere, ez zituzten espero.
"Alemaniako mendebaldean gertatutakoaren nobedadea eskualde hain zabalari eragitea izan da, udan, lehen sekula gertatu ez bezala. Toki txikiagoetan eta neguan halakorik gertatu izan da ibai handien harroetan, baina ez txikietan, oraingoan bezala", adierazi du.