Mundua -
Israel-Palestina
AEBk ez du Gazako prentsaren egoitzan milizianoak zeudela egiaztatzen duen frogarik
Gainera, Blinkenek esan du "oso kezkatuta" daudela "indarkeriaren gorakadagatik". Hala ere, "Israelek bere burua defendatzeko eskubidea" duela berretsi du.
agentziak | eitb media
Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak gaur azaldu duenez, oraindik ez dute frogarik jaso Hamas taldeko milizianoak Al Jala Dorrean zeudela egiaztatzen duenik. Israelek bonbardatu eta eraitsi zuen prentsaren eraikina da hori, The Associated Press (AP) albiste-agentzia estatubatuarrak eta Al Jazeera komunikabideak lan egiten zuten hor, besteak beste.
Blinken Kopenhagen dago egunotan eta jakinarazi du Israeli frogak eskatu dizkiola dorrean milizioanoak zeudela egiazta dezan, baina aitortu du oraindik ez duela ezer ere jaso. "Ez dut inolako informaziorik ikusi", adierazi du, prentsa estatubatuarrak zabaldu duenez.
Gainera, agintari amerikarrak adierazi du "oso kezkatuta" daudela "indarkeriagatik eta indarkeriaren gorakadagatik". "Ehunka pertsona hilda edo zaurituta, tartean hondakinetatik ateratako haurrak", gaitzetsi du. "Kezkatuta gaude, era berean, kazetariak eta osasun langileak arriskuan jartzen ari direlako", gaineratu du.
Hala eta guztiz ere, "Israelek bere burua defendatzeko eskubidea" duela berretsi du, eta Washingtonek hirugarrenez blokeatu du NBEren Segurtasun Kontseiluaren adierazpen bateratua su-etena eskatzeko eta Israeleko eta Gazako indarkeria gaitzesteko.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak begi onez jo du 12 solairuko dorrea eraitsi izana, ""erakunde terroristaren inteligentzia bulego bat" zegoelakoan.
Horren aurka, Palestinako Agintaritzak AEBri eskatu dio presioa egin diezaiola Israeli Gazaren aurkako erasoaldia eta Jerusalemgo arabiarren kanporatzeak eten ditzan.