Mundua -

Palestina

22 hildako, tartean bederatzi ume, Israelgo Armadak Gazan egindako bonbardaketan

Gainera, Israelek ez du baztertzen lurreko operazio bat abiatzea. Miliziano palestinarrek, berriz, koheteak jaurti dituzte Gazako Zerrendatik Jerusalemera.

Israelgo Armadak Gaza bonbardatu du. Argazkia: EFE
Israelgo Armadak Gaza bonbardatu du.
Gutxienez 22 hildako Gazan, tartean 9 haur, Israelen bonbardaketa batean

0:55

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak Gaza bonbardatu du eta erasoan 22 palestinar hil ditu astelehen honetan, tartean bederatzi ume, Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Halaber, orotara beste 788 palestinar zauritu ditu Zisjordanian, Jerusalemen eta Gazako Zerrendan.

Aurrez, miliziano palestinarrek koheteak jaurti zituzten Gazako Zerrendatik Jerusalemera, eta bonbardaketa eraso horren aurkako erantzuna izan dela esan du Israelgo Armadak. 150 kohetetik gora zenbatu dituzte eta Daviden Izar Gorriak zabaldutako datuen arabera, dozenaka lagun zauritu dira. Gauzak horrela, Israelek ez du baztertzen lurreko operazio bat abiatzea.

Palestinarrek 150 kohete baino gehiago jaurti zituzten astelehen honetan, alarma-hotsak entzun dira Jerusalemen eta Beit Shemeshen (Israel erdiguneko udalerria).

Jerusalemera zazpi kohete bota zituzten, horietako bat geldiaraztea lortu zuten, beste batek hirigunetik kanpo dagoen etxe bat jo zuen eta gainerakoak jenderik bizi ez den eremuetan erori ziren.

Israelgo Armadako bozeramaile batek astelehen honetan ohartarazi zuenez eraso gehiago egingo dituzte: "Hamasi kolpe gogorragoa emateko ahalmena eta asmoa dugu". Halaber, erasoaldia denboran luzatuko dela aurreikusten dutela esan zuen. "Edozein agertokirako prest gaude", azpimarratu zuen.

Astelehen goizean istiluak izan ziren Polizia israeldarraren eta palestinarren artean, meskiten gunean, eta 612 lagun baino gehiago zauritu ziren. Horietatik 411 ospitaleratu egin zituzten. Bien bitartean, Gazako Zerrendan 95 pertsona zauritu ziren, WAFA albiste agentzia palestinarraren arabera.

Jerusalemgo Eguna dela eta, ultranazionalista juduek manifestazioa antolatu zuten atzorako Damaskoko Atean, baina manifestari palestinarrek aurre egin zieten eta martxa geldiaraztea lortu zuten.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ohartarazi duenez, Israelek "indar handiz" erantzungo die Gazatik datozen kohetei. "Ez ditugu onartuko gure lurraldearen, gure hiriburuaren, herritarren edo soldaduen aurkako erasoak", adierazi du.

Mahmud Abbas Palestinako presidentearen esanean, Israelgo Gobernua da Gazako Zerrendan eta Jerusalemen egindako "krimenen" erantzule "bakarra". Era berean, Abbasek nazioarteko komunitateari eskatu dio esku hartzeko eta palestinarren aurkako "krimen horiei amaiera emateko".

Indarkeria bertan behera uztea eskatu du Europar Batasunak

Europar Batasunak indarkeria "berehala" bertan behera uztea eskatu du "okupatutako Zisjordanian, Jerusalem ekialdean, Gazako Zerrendan eta inguruetan", astelehen honetako aurrez aurrekoetan izandako hildakoen ostean.

Halaber, alde guztiei dei egin die "biktima zibil gehiago saihesteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Jerusalem Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Benjamin Netanyahu