Mundua -

KOLONBIA

Protestek ez dute etenik Kolonbian, Gobernuaren eta deitzaileen arteko bileraren zain

Kolonbiako Gobernua ostiral honetan bildu daiteke grebara deitu duen Greba Batzordearekin. Cali hirian poliziak manifestariei kamioi batetik tiro egin diela salatu dute.

Manifestazioa Bogotan. Argazkia: EFE
Manifestazioa Bogotan
Manifestazioa Bogotan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bederatzigarren egunez jarraian, manifestarien eta segurtasun indarren arteko aurrez aurrekoak izan dira ostegun honetan Kolonbian. Bien bitartean, Kolonbiako Gobernua grebara deitu duen Greba Batzordearekin batzartuko da ondorengo egunetan. Hala ere, gutxienez bilera hori egin arte protesta deialdiari eutsi dio Greba Batzordeak. Bestalde, polizia agente bat atxilotu dute iragan larunbatean Gobernuaren aurkako protesta batean hil zen 24 urteko gazte baten heriotzarekin lotuta.

Sare sozialetan zabaldu diren bideoen bidez herritarrek salatu dutenez, zibilez jantzitako poliziek suzko armaz eraso egin diete kamioi batetik Calin. El Espectador egunkariak Poliziaren iturriak aipatuz adierazi duenez, kamioia eta bertan zeuden pertsonak erakundeko kideak ziren. Hala ere, Poliziaren esanetan, agenteak izan dira herritarren erasoen biktimak.

Bogota hiriburuan blokeoak, geldialdiak eta kontzentrazioak izan dira ostegun honetan. Gainera, egunean zehar aurrez aurrekoak gertatu dira manifestarien eta istiluen aurkako poliziaren artean.

Gobernuaren eta deitzaileen arteko elkarrizketak

Kolonbiako Gobernua grebara deitu duen Greba Batzordearekin biltzeko prest agertu da, bere aldarrikapenen berri izateko eta protestak geldiarazten saiatzeko.

Hasiera batean hilaren 10erako iragarrita dago bi aldeen arteko bilera, gobernuaren esanetan, "planteatu dituzten" gaiez hitz egiteko eta "elkarrizketa agenda bat eraikitzeko".

Greba Batzordeak, bere aldetik, elkarrizketarako proposamena onartu du. Hala ere, garbi utzi du lanuzte deialdiari eutsiko diola gutxienez batzarra egin arte. Caracol irratiak zabaldutako informazioaren arabera, ostiralera aurreratu daiteke bilera.

Polizia bat atxilotu dute manifestari gazte baten heriotzarekin lotuta

Carlos Javier Arenas polizia agentea atxilotu Brayan Fernando Niño 24 urteko manifestariaren heriotzarekin lotuta. Iragan larunbatean hil zen Madrilen, Cundinamarcako departamenduan, Gobernuaren aurkako protesta batean.

Homizidioa leporatu diote. Hainbat erakundek salatu dutenez, tiroz hil zuten Poliziak esku hartu zuen manifestazio batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Kolonbiako albisteak gaur Latinoamerikako azken ordukoa