Mundua -
Gatazka
Gutxienez 16 hildako izan dira zerga erreformaren aurkako protestetan, Kolonbian
Protesten antolatzaileen arabera, ordea, "27 homizidio" izan dira, 726 lagun atxilotu dituzte ausaz, sei sexu-indarkeria kasu izan dira, eta 12 gaztek galdu dute begia.
agentziak | eitb media
Azken 5 egunetan Kolonbiako zerga erreforma proiektuaren aurka izan diren protestetan gutxienez 16 lagun hil eta 700 zauritu dituzte, Herriaren Defendatzaileak jakitera eman duenez.
Erakundearen datuen arabera, "254 zibil eta 457 polizia zauritu" dira, baina beste iturri batzuen datuek ez dute bat egiten horiekin.
Protesta baketsuak asteazkenean hasi ziren herrialdeko hiri handienetan, baina tentsio soziala hazi egin da Calin, Ibaguen, Medellinen eta Bogotan, besteak beste.
Ivan Duquek, gainera, igandean iragarri zuen atzera botako zuela apirilaren 15ean Ogasun Ministerioak aurkeztutako proiektu polemikoa, eta Kongresuari eskatu zion premiaz onar dezala adostasuneko proiektu bat.
Polizia indarkeria
Protesten antolatzaileek prentsaurrekoa eman dute gaur, eta Martha Alonso Kolonbiako Hezkuntzako Langileen Federazioko (Fecode) bigarren presidenteordeak Herriaren Defendatzaileak baino heriotza kopuru handiagoaren berri eman du.
"Uneotan 1.089 polizia-indarkeria kasu ditugu, eta tartean indarkeriak zauritutako 124 pertsona daude", azaldu du.
Alfonsok gaineratu duenez, manifestazioetako balantzea hau da: "Ausaz egindako 726 atxiloketa, sei sexu indarkeria kasu, 27 homizidio, eta 12 gaztek begia galdu dute". Era berean, "giza eskubideen 45 defendatzaileri lan egiteko aukera mugatu" dietela jakinarazi du.
Temblores Gobernuz Kanpoko Erakundeak, berriz, jakinarazi du 21 pertsona hil dituztela, 92 indar publikoen indarkeria fisikoaren biktima izan direla, eta 672 pertsona ausaz atxilotu dituztela.
Erakundea ikertzen ari da ustez poliziak hildako 8 manifestariren kasuak, eta indar publikoen sexu indarkeriaren lau salaketa jaso dituzte.
Salaketa horien aurrean, Jorge Luis Vargas Poliziaren zuzendariak esan du 26 ikerketa jarri dituztela abian homizidioak eta eraso fisikoak argitzeko.
Hasierako zerga erreformarekin, oinarrizko zergak igo nahi zituzten, eta zerbitzu publikoetan % 19ko BEZa ezarri, beste gai polemiko batzuen artean.