Mundua -

Estatu-kolpea

Prentsa-askatasuna eta kazetariak askatzea eskatu dute 17 enbaxadak Myanmarren

80 kazetari baino gehiago atxilotu dituzte estatu-kolpea jazo zenetik, eta erdiek kartzelan jarraitzen dute oraindik.

765 pertsona hil eta 4.609 atxilotu dituzte estatu-kolpea jazo zenetik. Argazkia: EFE.
Protestak Myanmarren
765 pertsona hil eta 4.609 atxilotu dituzte estatu-kolpea jazo zenetik. Argazkia: EFE.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

17 herrialdetako enbaxadek prentsa-askatasuna itzultzeko eta estatu-kolpearen ondorioz atxilotutako kazetariak askatzeko eskatu dute Myanmarren. Herrialde horiek (AEB eta Europar Batasuneko hainbat herrialde daude tartean) adierazpen bat kaleratu dute prentsa-askatasunaren munduko egunaren kariaz.

Horiek salatu dutenez, kazetariak “errepresioaren jomuga” dira Asiako herrialdean, 80 kazetari baino gehiago atxilotu baitituzte otsailaren 1eko estatu-kolpea jazo zenetik. Horien erdiak kartzelan daude oraindik.

Halaber, hedabideen lana debekatu eta zentsuratu dutela dio adierazpenak, lizentziak baliogabetu, hainbat bulegori eraso eta Interneten mozketak egin baitituzte. Hortaz, adierazi dute hedabide horietako askok itxi egin behar izan dutela eta gaur-gaurkoz egunkari fisikorik ez dagoela bertan esan dute.

Myanmarko Armadak hauteskunde iruzurra izan zela esanez justifikatu zuen estatu-kolpea, eta 765 pertsona hil eta 4.609 atxilotu dituzte ordutik; horietako 3.555 preso daude oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Internet Giza eskubideak Asia