Mundua -
Koronabirusa
AEBn ez dute aire zabalean musukoa erabili beharko txertoarekin immunizatutakoek
Izan ere, hango Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroek (CDC) jakinarazi dute "kutsatzeen % 10 baino gutxiago" gertatu dela aire zabalean.
agentziak | eitb media
AEBko Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroek (CDC) erabaki dute txertaketa osoa jaso duten herritarrek ez dutela musukoa erabili behar izango aire zabalean, kasu gehienetan, ekitaldi jendetsuetan izan ezik.
"Egoera asko daude txertaketa osoa jaso dutenek musukoa erabili behar ez dutena, bereziki aire zabalean", adierazi du Rochelle Walensky CDCren zuzendariak, Etxe Zurian emandako prentsaurreko batean.
"Hainbat ikerketatan jasotako kutsatzeen % 10 baino gutxiago gertatu ziren aire zabalean", gaineratu du CDCren arduradunak.
CDCrenak aholkuak dira, ez dira derrigor bete beharrekoak, eta herrialdeko adin nagusiko herritar % 37 erabat txertatu direnean eta % 54k gutxienez dosi bat jaso dutenean iritsi dira.
Musukoa erabili behar ez izateko, covid-19aren aurkako beharrezko dosi guztiak jaso behar dira, eta azkenekoa jaso zutenetik bi aste igaro behar dira, eragina izateko.
Ordutik aurrera, estatubatuarrak ez dira musukoa erabiltzera derrigortuta egongo aire zabalean oinez, korrika edo bizikletan ibiltzeko, bakarrik edo beste pertsona batzuekin batera.
CDCk ez du zehaztu elkarrekin bizi direnei soilik eragiten ote dien neurriak, baina ez da erabili beharko aire zabalean egiten diren afari edo bestelako bilkuretan, bizikideak izan edo ez kontuan izan gabe.
Dena dela, musukoa erabiltzea aholkatu dute jendetza handia elkartzen den aire zabaleko ekitaldietan: kontzertuak, desfileak, kirol ekitaldiak…
Era berean, musukoa erabiltzen jarraitu beharko dute leku itxietan: tabernetan, jatetxeetan, museoetan, etab. Garraio publikoan eta immunizatu gabeko jendea dagoen barruko bilkuretan bezalaxe.