Mundua -
Koronabirusa
Espainiak, Frantziak, Alemaniak eta Italiak AstraZenecaren txertaketa eten dute
Europako Sendagaien Agentziaren esku utziko dute azken erabakia, eta erakundeak iragarri du ostegunean emango duela egiten ari den azterketaren emaitzaren berri.
agentziak | eitb media
Espainiako eta Frantziako estatuek, Alemaniak eta Italiak bertan behera utzi dute, badaezpada ere, AstraZenecaren txertaketa.
Espainiako Estatuak eten egin du behin behinean (15 egunez) AstraZenecak koronabirusaren aurka garatu duen sendagaiaren txertaketa, herrialde batzuetan txertoa jaso zutenen artean tronbosi kasuak atzeman ostean, Europa Pressek jakitera eman duenez.
Horixe erabaki dute Espainiako Gobernuak eta erkidegoek Osasunaren Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluan, Carolina Darias Osasun ministroak premiaz deitu duen batzarrean.
Batzar horren ostean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak AstraZenecaren txertoarekin egiten ari ziren kanpaina aldi baterako gelditzeko agindua eman du.
Frantziak ere bertan behera utzi du covid-19aren aurkako AstraZenecaren txertaketa, Europar Batasuneko sendagaien agentziak sendagai horren egokitasunaren inguruan ebazpena kaleratu arte, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gaur iragarri duenez. Aipatu agentziak ostegunean emango du bere ondorioen berri.
Macronen hitzetan, Olivier Veran Osasun ministroaren aholkuari jarraituz hartu dute erabakia.
"Laster berriro txertatzen hastea espero dugu, EMAren aldeko iritzia izanez gero", gaineratu du Frantziako estatuburuak.
Italiak ere eten egin du, ardura neurri gisa, AstraZenecaren txertaketa Europan azkenaldian izan diren tronbosi kasuengatik. Italiako sendagaien agentziak aurreko astean txertaketatik kendu zuen txerto horren sorta bat, Sizilian militar bat eta polizia bat hil ostean.
"AIFAk (Italiako sendagaien agentziak) AstraZenecaren koronabirusaren aurkako txertoaren erabileraren debekua herrialde osora zabaltzea erabaki du badaezpadako eta behin behineko neurri gisa, Europako Sendagaien Agentziaren erabakiaren zain", adierazi du ohar batean.
Alemaniaren kasuan, behin behineko neurria izango da tronbosien kasuak izan direlako hartu duena, Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.
Alemaniako Gobernuak PEI institutuaren aholkua jarraituz hartu du erabakia, hori baita herrialdean eskumena duena. PEIk uste du beharrezkoa dela txertoaren eta tronbosi kasuen arteko harremana behar den bezala aztertzea.
Hala ere, Osasun Ministerio alemaniarrak azpimarratu du azken erabakia Europako Sendagaien Agentziarena izango dela, hori baita erabakiko duena tronboen informazioak "txertoaren baimenari eragiten dion eta, eragitekotan, zein neurritan".
Frantziak, Alemaniak eta Italiak bat egin dute horrela Herbehereek, Irlandak, Danimarkak, Norvegiak eta Islandiak hartu duten erabakiarekin.
Europako Sendagaien Agentziak oraingoz 30 tronbosi kasu atzeman ditu AstraZenecaren dosia jaso duten pertsonen artean. Europar Batasunean guztira bost milioi dosi banatu dira.
Agentziak jakinarazi du tronbosi kasuen kopurua txertatuen artean ez dela "herritar guztien artean baino altuagoa", baina gertatutakoa aztertu beharra dagoela.