Mundua -

Koronabirusa

Janssenen txertoa merkaturatzeko baimena du Europak

Dosi bakarreko txertoa da, % 67ko eraginkortasuna dauka eta hozkailu normaletan gorde daiteke. Europar Batasunean baimendutako laugarren txertoa da.  

Janssen konpainiaren egoitza Herbehereetan. Argazkia: EFE
Janssen konpainiaren egoitza Herbehereetan.
Janssenen txertoa merkaturatzeko baimena du Europak

1:26

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak Janssen enpresa-farmazeutikoak (Johnson&Johnson) covid-19ari aurre egiteko landu duen txertoa merkaturatzeko baimena eman du. Aurrez, Sendagaien Europako Agentziak segurua, kalitatezkoa eta eraginkorra dela baieztatu du.

"Txerto seguru eta eraginkor gehiago iritsi dira merkatura. Johnson&Johnson konpainiaren txertoa erabiltzeko baimena eman berri dugu", iragarri du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Twitterren idatzitako mezu baten bidez.

Aurten, 200.000 dosi eskuratzeko kontratua sinatu du Bruselak, eta lehendabiziko bidalketak bigarren hiruhilekoan helduko direla aurreikusi dute. Halaber, beste 200.000 dosi gehiago erosteko aukera izango luke.

Dosi bakarreko lehen txertoa da eta % 67ko eraginkortasuna dauka birusari aurre egiterakoan.  

Pfizer-BioNTech (%95) eta Moderna (%94,1) konpainiek egindako txertoek baino eraginkortasun txikiagoa dauka, baina AstraZenecarenaren antzekoa (%70).

Txertoaren xehetasunak

Janssenen txertoa dosi bakarrekoa da eta hozkailu normaletan gorde daiteke, 2 eta 8 gradu arteko tenperaturan.

Konpainia estatubatuarraren txertoak % 85etik gorako eraginkortasuna dauka covid-19 larria garatzea saihesteari dagokionez, eta heriotzak %100ean ekiditen dituela azpimarratu dute, entseguetan ez baita inor hil. Probak nazioarteko hainbat herrialdetan egin dituzte, tartean Espainian.

Proba horietan parte hartu zuen Alberto Borobia Madrilgo La Paz Unibertsitate Ospitaleko ikerketa unitateko koordinatzaileak, eta, bere esanetan, txertoak % 70eko eraginkortasuna dauka pazienteak ondorio larriak izan ez ditzan.   

Hegoafrikako eta Brasilgo alderen aurrean eraginkortasun hori mantendu egiten da, baina Erresuma Batuko anduiarekin nola erantzungo duen ez dakite, entseguetan herrialde horretako daturik bildu ez zutelako. Edonola ere, eraginkorra izango dela uste dute, orain arteko emaitzak ikusita.

Ikerketan parte hartu duten boluntarioen % 34 baino gehiago 60 urtetik gorakoak zirela kontuan hartuta, pertsona nagusiak immunizatzeko txerto egokia izango dela pentsatzen dute.

Bestalde, oraingoz ezin izan dute frogatu Janssenen txertoak kutsatzeak ekiditeko balio duen ala ez, orain arte prebentzioan eta heriotzak ekiditeko formulak bilatzeari eman diotelako lehentasuna.

Sendagaien Europako Agentziaren arabera, txertoak eragiten dituen bigarren mailako ondorioak ohikoak dira (burukomina, nekea, giharretako mina edo goragalea) eta bi egunetan desagertzen dira.

Halaber, txertoa dosi bakarrekoa izatea, hozkailu normaletan gorde ahal izatea eta handik kanpo 12 orduz egon daitekeela azpimarratu du Borobiak. "Horrek txertaketa prozesua asko erraztuko du", ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Industria farmazeutikoa