Mundua -
AEB
Trumpek hasitako armen salmenta geldiarazi du Bidenek
Administrazio berriaren asmoa da salerosketa horiek helburu estrategiko berrietara moldatzen ote diren ebaluatzea .
EITB MEDIA
Trumpek Saudi Arabiarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin hasitako armen salmenta geldiarazi du Joe Bidenen Gobernuak, salerosketa horiek berrikusteko eta helburu estrategiko berrietara moldatzen ote diren ebaluatzeko asmoz.
Geldiarazitako transakzioak bi dira: Arabiar Emirerri Batuei F-35 hegazkinak saltzeko operazioa eta Saudi Arabiari Paveway IV bonba adimentsuak saltzekoa.
Arabiar Emirerri Batuekin erdietsitako akordioa Israelekin harremanak normalizatu ondoren gauzatu zuten; akordio hori deuseztatuko balitz, herrialde juduarekin lortutako bake akordioa arriskuan egongo litzateke, AEBko hedabideen arabera. Akordio hori Biden presidenteak berak ere goretsi zuen.
Saudi Arabiari dagokionez, Trumpen administrazioak lizentzia eman zion bonbak fabrikatzen zituen konpainiari, Saudi Arabiako Gobernuari zuzenean saldu ahal izateko.
AEBko Estatu Departamentuaren arabera, geldiarazitako akordioek Persiar golkoko aliatuekin egindako kontratuei eragingo liekete, baina oraindik ez du zehaztu zeintzuk izango diren kaltetutako gainerako akordio horiek.