Mundua -
Koronabirusa
Covid-19aren bigarren aldaera bat antzeman dute Erresuma Batuan
Hegoafrikatik joandako bi laguni detektatu diete aldaera berria. Gobernu britainiarrak esan du "kutsakorragoa" dela.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Matt Hancock Osasun ministroak asteazken honetan baieztatu duenez, covid-19ren bigarren aldaera antzeman dute Erresuma Batuan. Hegoafrikara joandako bi pertsonaren kasuak dira.
Hancockek prentsaurrekoan azaldu duenez, "birus hau are kutsakorragoa da eta aldaera berritik haratago aldatu dela dirudi".
Erresuma Batuko Osasun ministroak azaldu duenez, kasu berriak berrogeialdian jarri dituzte, eta Hegoafrikara bidaiatzeko mugak ezarri dituzte.
Zentzu horretan, azken 15 egunetan herrialde afrikarrean egon diren pertsonei eta epe berean Hegoafrika bisitatu duten pertsonekin harreman estua izan duten guztiei "berehala" isolatzeko eskatu die, BBCk jakitera eman duenez.
Bestalde, Susan Hopkins Gobernu britainiarraren mediku kontseilariak adierazi duenez, osasun agintariak aldaera berriaren ezaugarriak aztertzen ari dira, baina hasierako datuen arabera mutazio "kutsakorragoa" dela berretsi du. Hala ere, lasaitasunerako deia egin du, eta gaixotasunaren aurkako txertoak andui berri horrekin funtzionatzen ez duen "ebidentziarik" ez dagoela gogorarazi du.
Erresuma Batuak kutsatze kopuruaren beste marka bat hautsi du asteazken honetan, eta heriotzak ere areagotu egin dira asteartean izandakoekin alderatuta.
Konkretuki, Britainia Handiko Osasun Ministerioak 39.237 kasu berri erregistratu ditu (37.000 baieztatu zituen asteartean) eta 744 heriotza (691 asteartean). Hala, guztira, 2.149.551 kutsatutakoak eta 69.051 hildakoak.