Mundua -

Koronabirusa

Covid-19aren aldaera berriarekin lotutako premiazko bilera du gaur EBk

Zientzialari britainiarren arabera, aldaera berri horrek % 70 bizkortzen du birusaren transmisioa, eta Londresen azken egunetan egon den kutsatzeen gorakadarekin zerikusia izan dezake.

Covid-19aren aldaera berriarekin lotutako premiazko bilera du gaur EBk. Argazkia: EFE
Covid-19aren aldaera berriarekin lotutako premiazko bilera du gaur EBk
Covid-19aren aldaera berriarekin lotutako premiazko bilera du gaur EBk. Argazkia: EFE

L. Z. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Alemaniako presidenteak deituta, EBko 27 herrialdeetako ordezkariek premiazko bilera dute astelehen honetan Erresuma Batuan atzemandako covid-19aren aldaera berriak eragindako krisiari aurre egiteko.

"Presidentetzak EBko estatukideak deitu ditu bilerara. 11:00etan dute hitzordua", txiokatu du Sebastian Fischer bozeramaileak.

Asmoa da erabaki azkar bat hartzea, modu koordinatuan, krisi garrantzitsuei eta konplexuei irtenbide bat bilatze aldera.

Fisherren hitzetan, Erresuma Batuan atzemandako covid-19aren aldaera berriari erantzuna ematea izango da gaurko bileraren lehentasuna.

Horretarako, Charles Michel Kontseilu Europarreko presidenteak bideodei bidez bilera egin du bart, gaurko hitzorduaren nondik norakoak zehazteko.

Bileran horretan, datozen orduetan herrialde ezberdinek aplikatuko dituzten neurriak izan zituzten hizpide: hegaldiak bertan behera, PCR probekin lotutako neurri berriak...

Birusaren aldaera berria Europan

Herbehereetan eta Italian ere atzeman dute birusaren aldaera berria, nahiz eta oraingoz kasu gehien Erresuma Batuan izan diren.

Yvonne Doyle Ingalaterrako osasun aholkulariak igandean esan zuen "oso kezkatuta" daudela kutsatzeek Erresuma Batuan izandako gorakadarekin. Igandean 35.928 kasu zenbatu zituzten, duela astebete baino bi aldiz gehiago.

Doylek komunikabide britainiarrei adierazi dienez, Londresen eta Ingalaterrako hego-ekialdean atzeman dituzte kutsatze berri gehienak. Haren hitzetan, baina, arinegi da kutsatze horiek aldaera berriarekin zerikusia duten jakiteko.

Horren harira, nabarmendu du aldaera berria ez dela aurrekoak baino hilgarriagoa; bai, ordea, kutsakorragoa. Horregatik, alarma piztu da Britainia Handian, eta litekeena da isolatuta geratzea.

Zientzialari britainiarren arabera, aldaera berri horrek % 70 bizkortzen du birusaren transmisioa, eta Londresen azken egunetan egon den kutsatzeen gorakadarekin lotuta egon liteke. Guztira, 20 milioi lagun konfinatu dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Londres Koronabirusa