Mundua -
Koronabirusa
Europako hainbat herrialdek Erresuma Batuarekiko hegaldiak debekatu dituzte
Europar Batasunak urgentziazko koordinazio bilera egingo du astelehen honetan, erantzun bateratua adosteko. Aldaera berria Europako zenbait estatura heldu omen da dagoeneko.
Agentziak | EITB Media
Europar Batasuneko (EB) Alemaniako presidentetzak premiazko bilera deitu du astelehen honetarako, Erresuma Batuan atzemandako covid-19aren aldaera berriari erantzun bat emateko.
"Presidentetzak EBko estatu kideak IPCRren krisi mekanismoaren premiazko bilera batera deitu ditu bihar goizeko 11:00etarako", txiokatu du Sebastian Fischer bozeramaileak igande honetan.
Mekanismo horrek Europar Batasunean, maila politikoan, erabakiak azkar eta era koordinatuan hartzea ahalbidetzen du eta krisi garrantzitsu eta konplexuetarako erabiltzen da.
Bileraren agenda, Fischerrek zehaztu duenez, "Erresuma Batuko covid-19 aldaera identifikatu berriari eman beharreko erantzunaren inguruko EBren koordinazioa" izango da.
Bilera prestatzeko, Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak bideokonferentzia deitu du eta bilera horretan datozen orduetan ze neurri hartzeko asmoa duten partekatu dute Estatukideek: "hegaldiak mugatzea", "PCR baldintzak zorroztea"...
Bilera horren aurretik, baina, Herbehereek, Belgikak, Italiak, Alemaniak, Austriak, Irlandak, Bulgariak, Portugalek, Txekiar Errepublikak, Suitzak, Lituaniak, Letoniak eta Estoniak bertan behera utzi dituzte Erresuma Batuarekiko hegaldi guztiak. Frantziak ere erabaki bera hartu du, baina momentuz, datozen 48 orduetarako.
Europatik kanpo, Kanadak ere Erresuma Batuarekiko hegaldiak debekatu ditu astelehenean hasi eta datozen 72 orduetan.
Latinoamerikan, Argentinak, Kolonbiak, Peruk eta Txilek bertan behera utzi dituzte Erresuma Batuarekiko hegaldi guztiak, momentuz.
Egunean zehar, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak telefonoz hitz egin dute Europar Batasuneko beste buruzagiekin zein Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidentearekin eta Charles Michelekin ere, Ingalaterran antzemandako koronabirusaren andui berriari erantzun bateratu bat adosteko.
Ildo berean, Espainiak ere erantzun "bateratua" eskatu du "egoera berri honen aurrean". Espainiako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, helburua Europar Batasuneko herritarren eskubideak babestea da, "koordinaziotik, aldebakartasuna saihestuz".
Hala eta guztiz ere, portuetan eta aireportuetan Erresuma Batutik datozen bidaiariei PCR proben egiaztapena eta kontrola areagotuko diela iragarri du Espainiako Gobernuak.
Bestalde, Kataluniako Gobernuak "zerbait egiteko" eskatu dio Gobernuari. Bernat Sole Kanpo Harremanetarako, Erakunde Harremanetarako eta Gardentasunerako kontseilariak eta Alba Verges Osasun kontseilariak txio bana argitaratu dute Twitteren hori eskatuz. Vergesek esan du Gobernuak "berehala" zerbait egin behar duela herritarrak ziurgabetasunetik babesteko, eta Solek gaineratu du: "Espainiako Gobernuari eskatzen diogu azkar joka dezala errealitate epidemiologiko berriaren aurrean".
Erresuma Batuarekiko hegaldiak bertan behera
Frantziak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Erresuma Batutik bere herrialdera joatea debekatzen du 48 orduz. Neurriak gauerditik aurrera izango du eragina bidaiarien joan-etorrietan eta salgaien garraioan, trenbidez, airez edo itsasoz. Aldiz, Britainia Handira joatea baimenduta egongo da.
48 orduko epearen helburua "koordinazio denbora bat irekitzea" da, EBko estatu kideek Erresuma Batutik datozen fluxuen erregulazioari eta kontrolari buruzko irizpide komun bat defini dezaten.
Frantziako agintariek ziurtatu dutenez, egun hauetan Gabonak familian pasatzera Frantziara itzultzeko asmoa zuten herritarren egoera kontuan izango dute. "PCR proba bat egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzen diegu", gaineratu dute.
Italiako Atzerri Ministerioak hegaldiak ezeztatzeko agindua eman du. "Erresuma Batuak covid-19aren aldaera berri baten berri eman du, birusaren mutazio baten ondorioa omen dena. Gobernu bezala italiarrak babesteko beharra daukagu", azaldu du Luigi di Maio lehen ministrordeak.
Belgikako lehen ministro Alexander de Crook azaldu duenez, hegaldiak bertan behera uzteaz gain, Eurostar trenbideko bidaiak ere kendu dituzte, oraindik andui berria aztertzen ari diren arren. "Ez dugu behin betiko erantzunik", onartu du De Crook.
Errepidean ere kontrolak egingo dituztela iragarri du agintariak, eta esan du Erresuma Batutik etortzen diren bidaiariak gertutik zainduko dituztela, koarentena egiten dutela ziurtatzeko. "Oso informazio zehatza emango diegu etorri berriei", esan du De Crook.
Hugo de Jonge Herbehereetako Osasun ministroak komunikazioak mozteko iragarpena egin du. "Birusaren mutazio kutsakorra dago Erresuma Batuan. Errazago eta azkarrago kutsatzen dela eta antzemateko zailagoa dela uste dute", azaldu du.
Irlandan, Gobernuak 48 orduz kendu ditu aire eta itsaso bidezko komunikazioak, koalizio gobernuan parte hartzen duten hiru alderdien bilera baten ostean.
Koronabirusaren mutazio berria dela eta, Bulgariako Gobernuak ere igandetik urtarrilaren 31ra arte aire konexio guztiak bertan behera uztea erabaki du. Boiko Borisov lehen ministroaren eta Atzerri, Garraio eta Osasun arduradunen arteko bileraren ostean hartu dute erabakia.
Erresuma Batuan Londres eta hego-eialdea konfinatu dituzte. 4. mailan daude, eta beraz etxean geratzeko agindua dute herritarrek. Murrizketak abenduaren 30ean berrikusiko dituzte.
Anduia, Europako beste herrialdeetan
Daniel Prieto-Alhambra Oxfordeko Unibertsitateko farmako-epidemiologia katedradunaren arabera, koronabirusaren aldaera berria duela aste batzuk ari da kutsatzen Europako zenbait herrialdetako biztanleak.
RAC1 irratian emandako elkarrizketa batean, Prieto-Alhambrak azaldu du orain dela hilabete bat birusaren balizko mutazio bati buruz hitz egiten hasi zela. Bere arabera, oraindik goiz da esateko mutazio hori Londresko, Alemaniako, Italiako edota Espainiako kasuen gorakadaren erantzulea dela, baina ia ziurra da Europako beste herrialdeetan dagoela.
Perez Alhambra Europako Medikamentuen Agentziaren aholku batzarreko aditu bat da. Azaldu duenez, birusaren S proteinan eman da aldaketa, eta horrek hobeto lotzea eta, ondorioz, kutsakorragoa izatea ahalbidetzen dio.
Datu hori ikerketekin baieztatzen bada, baliteke talde immunitatea lortzeko jende gehiagori jarri behar izatea txertoa.