Mundua -

Koronabirusa

Italiak konfinamendua ezarri du Gabonetako egun seinalatuetarako

Hala, abenduaren 24an, 25ean, 26an, 27an eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, 2an, 3an, 5ean eta 6an udaberrikoaren antzeko konfinamendua izango dute.

Milan. Argazkia: eFE
Milan. Argazkia: eFE
Milan. Argazkia: eFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako Gobernuak koronabirusaren aurkako murrizketa gehiago onartu ditu Gabonei begira, eta herrialde osoa ia erabat konfinatuko du egun seinalatuetan, Giuseppe Conte lehen ministroak bart iragarri duenez.

"Egoerak zaila izaten jarraitzen du, baita Europa osoan ere, eta birusa zirkulazioan dago. Ez da garaitzen uzten. Esku hartu behar dugu, eta zinez diot ez dela erabaki erraza. Horregatik hartu dugu dekretu orekatu bat", adierazi du prentsaurreko batean.

Arau berrien arabera, ia erabateko konfinamendua ezarriko da data seinalatuetan, jai egunetan eta bezperetan, abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra, baina neurriak arindu egingo dira gainerako lan egunetan.

Guztira hamar egun izango dira "eremu gorrian", hau da, ia erabateko itxialdiarekin, eta lau egun "eremu laranjan", neurri arinagoekin.

Hala, abenduaren 24an, 25ean, 26an, 27an eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, 2an, 3an, 5ean eta 6an udaberrian izandakoaren antzeko konfinamendua ezarriko da: eskualdeen arteko joan-etorriak debekatuta egongo dira, eta lanera joateko, edo bestelako beharretarako soilik atera ahal izango da etxetik.

Txikizkako merkataritza jarduerak itxita egongo dira, elikagaien, farmazien, parafarmazien, prentsa kioskoen eta estankoen kasuan izan ezik. Gainera, tabernak, jatetxeak, izozkitegiak, gozotegiak eta pubak irekitzeko aukera egongo da, baina eramateko zerbitzua eskaintzeko bakarrik, eta 22:00ak arte.

Gainera, jarduera fisikoa egin ahal izango da etxetik gertu, pertsonen arteko gutxieneko metro bateko distantziarekin eta babes neurriekin.

Egun "laranjetan" (abenduaren 28an, 29an eta 30ean, eta urtarrilaren 4an), dendak irekita egongo dira, eta udalerri barruko joan-etorriak baimenduta egongo dira, baina ostalaritzak aurreko baldintza berean jarraituko du.

Hala eta guztiz ere, salbuespen bat egongo da egun guztietan: senideak bisitatu ahal izango dira egun gorrietan, baina gehienez bi pertsona badira, eta 14 urtetik beherakoak ez dira zenbatuko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Koronabirusa