Mundua -

Koronabirusa

Erresuma Batua eta Errusia txertoa jartzen hasiko dira aste honetan

"Amaieraren hasiera dela sentitzen dugu", iragarri du Stephen Powis Ingalaterrako Osasun Sistema Nazionaleko zuzendari medikoak.

Pfizer txertoaren dosia. Artxiboko argazkia: EFE
Pfizer txertoaren dosia. Artxiboko argazkia: EFE
Pfizer txertoaren dosia. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ospitaleetara aurreneko txertoak iristen hasi direla baieztatu ondoren, covid-19 pandemiaren “amaieraren hasiera” izan daitekeela iragarri du Stephen Powis Ingalaterrako Osasun Sistema Nazionaleko zuzendari medikoak. Txertaketa prozesua formalki asteartean abiatuko du Londresek.

“Bukaeraren hasiera dela sentitzen dugu. Mediku gisa, une oso zirraragarria da”, adierazi du Powisek Sky News Erresuma Batuko telebistan.

Hala eta guztiz ere, “gure herrialdearen historian txerto kanpaina handiena izango da” eta “maratoia izango da, ez esprinta”, ohartarazi du Powisek. “Behar duen jende guztiari txertoa jartzeko hilabete asko beharko ditugu”, erantsi duenez.

Txertaketa programan laguntzeko osasun langile gehiago erabiliko dituztela azaldu du Ingalaterrako osasun sistema publikoaren arduradun medikoak, aldi berean gainerako zerbitzu guztiak bermatzeko.

Powis: "Maratoia izango da, ez esprinta"

Bestalde, Erresuma Batuko Osasun Ministerioak 17:272 positibo berri eta 231 hildako baieztatu ditu azken 24 orduetan, larunbatean baino hildako gutxiago, baina kutsatu gehiago (397 hildako eta 15.539 positibo).

Guztira, Erresuma Batuan 1,7 milioi kasu eta 69.752 hildako zenbatu dituzte pandemia hasi zenetik. Urriaren amaieratik 20.000 positibo berri inguru  baieztatu ditu Erresuma Batuak, baina bigarren olatuaren okerrena gainditu duela ematen du.

Bestalde, Moskuk zazpi milioi pertsonari txertoa jarri nahi die, Sergei Sobyanin alkateak adierazi duenez. Errusiak markak hautsi ditu igande honetan positibo kopuruari dagokionez.

Mosku Sputnik V COVID-19 txertoa banatzen hasi zen larunbatean70 klinikaren bidez; eritasunaren aurkako lehen txertaketa masiboa Errusian. 29.039 positibo berri zenbatu ditu Errusiak igandean, pandemia hasi zenetik 2.460.770 kasu. Koronabirusak 43.141 hildako utzi ditu herrialdean, datu ofizialen arabera. Errusiak munduko laugarren koronabirus kasu kopururik handiena du. Bere txertoetan konfiantza handia du Moskuk, baina zientzialari batzuek kezka eta zalantzak agertu dituzte, txertoak garatzeko orduan oso azkar ibili direlako. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Mosku Errusia Vladímir Putin Erresuma Batua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Londres Txertoak Boris Johnson Koronabirusa