Mundua -
Koronabirusa
Txinak 600 milioi txerto dosi merkaturatzea onartuko du urtea bukatu baino lehen
Urtea amaitu baino lehen 610 dosi ekoizteko asmoa du Asiako erraldoiak, eta 1.000 milioi txerto 2021ean.
Agentziak | Erredakzioa
Aurten koronabirusaren aurkako 600 txerto dosi merkaturatzea onartuko du Txinak, iragarri du gaur Wang Junzhi zientzialariak, Estatuko Kontseiluko (Gobernua) txertoen garapen eta ikerketarako taldearen zuzendariordeak eta Txinako Ingeniaritza Akademiako kideak.
"Aurten 600 milioi txerto dosi merkaturatzea onartuko da. Oso laster albisteak izango ditugu, astebete edo bi asteren buruan", azaldu du Wangek konferentzia zientifiko batean, Wuhan hirian, The Paper bertako egunkariak jakitera eman duenez.
Kasu batzuetan covid-19aren aurkako txertoak erabiltzeko baimena eman zuen Txinak uztailaren 22an dagoeneko. Orain, urtea bukatu baino lehen 610 milioi dosi ekoizteko asmoa du, eta 1.000 milioi txerto 2021ean, herrialdeko agintarien arabera.
Txinan, hiru enpresaren hiru txerto entsegu klinikoen hirugarren fasean daude orain: Sinovac, Sinopharm eta Cansino Biologics.
Sinopharm konpainia prestatzen ari den beste txerto batek III. fasea bukatu du, eta azaroaren 25ean merkaturatzeko baimena eskatu zioten Estatuko Elikadura eta Botiken Agintaritzari, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.
Horrez gain, Txinako Fosun Pharmak, Alemaniako Biontechek eta AEBeko Pfizerrek osatzen duten partzuergoa beste txerto batzuk prestatzen ari da.
“Txertoak garatzeko urteetako ikerketa, eskarmentu, teknologia eta gaitasunen emaitza da guztia”, azpimarratu du du Wangek.
Txerto ez-aktiboak birusaren egitura naturaletik gertuen daudenak direla ziurtatu du zientzialariak. Horrela, “gizakiaren gorputzeko erantzun immunea indartsua da aplikatu ondoren. Gainera, egonkorra da, eta 2 eta 8 gradu artean garraiatzeko aukera dago”, nabarmendu du.
Ekoizpena
Covidaren aurkako txertoa modu masiboan ekoizten munduko lehen herrialdea izan nahi du Txinak; horretarako garapen bideko dozena bat herrialde erabiltzen ari da, besteak beste, Latinoamerikako zenbait estatu proiektuen entsegu klinikoaren azken fasean parte hartzen ari dira.
Wangen hitzetan, txerto proben emaitzak laster emango dituzte jakitera; oraingoz emaitza positiboak dira segurtasun eta eraginkortasunari dagokionez. “Txinako txertoek aurrea har dezakete mundu mailan”, ziurtatu du.
Sinovac Txinako laborategiaren Coronavac txertoaren 46 milioi dosi eskuratu ditu Brasilek jadanik, Sao Pauloko eskualdea artatzeko, eta datozen bi asteetan helduko dira guztiak.
Eraginkortasuna egiaztatu ondoren bakarrik, Brasilgo biztanleriak eskuragarri izango du Txinako txertoa, azterketa klinikoen hirugarren fasea bukatu ostean, alegia, Brasilgo agintariek azaldu dutenez.
Bestalde, Sinovacek garatutako txertoarekin kanpaina abiatuko duela iragarri du Turkiak. Osasun profesionalei emango diete aurrena, eta urtarrilean hamar milioi pertsonak jasotzea espero dute.
Sinopharmen bi txertoak, aldiz, kasu berezietan erabiltzen ari da Txina iragan abuztutik, batez ere osasun langile eta militarren artean, baita atzerriko diplomazialariei aplikatuz ere.