Mundua -
Krisi politikoa
Gutxienez 37 pertsona atxilotu eta beste 22 zauritu dituzte Guatemalako protestetan
Poliziak ehunka manifestariren aurka erabilitako "gehiegizko indarkeria" aztertzeko "ikerketa serioa" eskatu du Guillermo Castillo Guatemalako presidenteordeak.
Agentziak | Erredakzioa
Gendri Reyes Guatemalako Gobernazio ministroak jakitera eman duenez, 37 pertsona atxilotu dituzte manifestazioetan. Protestek zazpi ordu baino gehiagoko iraupena izan dute. Manifestari talde bat Parlamentuan sartu zen, eta eraikinaren zati bati su eman zion. 2021ko aurrekontuen, ustelkeriaren eta Alejandro Giammattei presidentearen aurkako mobilizazioak izan dira.
Polizia Nazional Zibilak (PNC), ostera, 31 atxiloturen berri eman du. “Ekintza bandalikoak” egin izana leporatu die larunbat arratsalde eta gauean, Guatemala hiriko erdialde historikoan gertatutako liskarretan. Gainera, Poliziak izenen zerrenda bat argitaratu du. Atxilotuen artean ez dago adingaberik.
“Konstituzio Plazan modu baketsuan protesta egiteko eskubidea zuten pertsonei laguntzeko prest egon da Polizia Nazional Zibila lehen ordutik. Hala ere, erdialde historikoan eraikin publikoak eta pribatuak suntsitzen hasi da pertsona talde bat”, azaldu du Poliziak.
“Errepublikako Kongresuaren aurrera heltzean, kaputxadunek leihoak apurtu dituzte, eta eraikineko gelei su eman diete. Polizia Nazional Zibila, giza eskubideen bermatzaile, bertan zegoen, eta harriekin, makilekin eta lehergailu piroteknikoekin hartu dute. Gainera, PNCko polizia batzuk zauritu eta osasun zentroetara eraman behar izan dituzte”, erantsi du.
Poliziak ez du erasoan esku hartu, baina beranduago negar eragiteko gasa eta ur kanoiak erabili ditu. Emisoras Unidasek goizaldean bideo bat argitaratu du, non manifestarien aurkako polizien indarkeria ikusten da. Poliziak kazetari bati eraso egiten agertzen dira beste bideo batzuetan.
Guatemalako polizia tiro egiten. Argazkia: EFE
Zentzu horretan, Poliziak ehunka manifestariren aurka erabilitako “gehiegizko indarkeria” aztertzeko “ikerketa serioa” eskatu du Guillermo Castillo Guatemalako presidenteordeak.
Ministerio Publikoari (Fiskaltza) “premiazko” ikerketa egitea eskatu dio Castillok sare sozialen bidez.
Ustezko manifestariek Kongresuari nola eman zioten sua ikusita, susmo txarra hartu dio presidenteordeak. “Kongresuko suteak eta inguruan gertatutakoak zalantzak sortzen dituzte”, esan du 54 urteko abokatuak eta enpresaburuak.
“Herriaren onerako” eta Gobernuan “gauzak ongi ez daudelako” biek dimisioa ematea proposatu zion Castillok presidenteari ostiralean.
Gainera, 2021ko aurrekontuei betoa jartzea eskatu dio Castillok Giammatteiri, “irregulartasunak” dituztelako. Kongresuari itzuli eta aurrekontuak aldatu behar direla uste du. “Eraginkortasuna, gardentasuna eta austeritatea” eskatu ditu, “gehiago ez zorpetzeko”.
Aurrekontu polemikoak
Kongresuak 10.800 bat milioi euroko aurrekontua onartu zuen iragan astean, aurreko ekitaldian baino kopuru ia % 25 handiagoa.
Diru gehiena azpiegiturak eraikitzeko erabiliko dute, baina sektore pribatuaren esku utziz. Osasun zein hezkuntzako aurrekontu-sailak ez dira handiagoak izango, ezta pobreziaren eta haur desnutrizioaren aurkako aurrekontua ere.
Guatemalako biztanleen % 59,3 pobrezian bizi dira, eta haur desnutrizioak bost urtez beherakoen ia % 50ei eragiten die.