Mundua -
URAKANAK
Iotak 38 hildako utzi ditu Erdialdeko Amerikan
Fenomenoak indarra galdu du eskualdean, baina arriskua ez da desagertu "euriteak" izatea espero baitute. Ekaitzaren arrastoen aurrean kontuz ibiltzeko eskatu diete agintariek herritarrei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuetako Hurakanen Zentro Nazionalak (CNH) jakitera eman duenez, gutxienez 38 hildako eragin dituen Iota ekaitza desagertu egin da Erdialdeko Amerikan, baina oraindik "eurite handiak" izateko arriskua dagoela ohartarazi du.
Zentroaren azken txostenaren arabera, urakanaren hondarrak El Salvadorren daude, San Salvador hiriburutik 35 kilometro mendebalde ipar-mendebaldera, eta mendebaldera mugitzen dira orduko 19 kilometroko abiaduran.
El Salvadorko Ingurumen ministro Fernando Lopezen arabera, Iota dagoeneko desagertu da, baina horren ondorioak hortxe daude oraindik. Hori dela eta, kontuz ibiltzeko eskatu diete herritarrei.
Iotak eragindako euriteak Hondurasen, Guatemalan, Belizeko hegoaldean, Nikaraguan eta El Salvadorren ari dira kalte larrienak eragiten. Igaro ahala, "bat-bateko uholdeak eta ibaien ur-goraldi handi eta arriskutsuak" eragingo ditu, eta luiziak lur garaietan.
Hildakoak
El Salvadorren, denboraleak pertsona bat hil du eta 800 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte dagoeneko 230 aterpetxetara.
Nikaraguan, fenomenoak gutxienez 18 hildako eta ia 63.000 desplazatu utzi ditu 683 babeslekutan.
Kolonbian, Iotak bi hildako eta desagertutako pertsona bat utzi ditu. Hondamendi egoera ezarri dute San Andres, Probidentzia eta Santa Katalina artxipelagoan.
Iotak ekaitz tropikal bat bezala jo zuen Honduras, eta 14 hildako eragin zituen bertan.
Panaman, agintariek hildako eta desagertu baten berri eman eta ehunka etxebizitza kaltetu direla jakinarazi dute.
Guatemalan, bi hildako, 131.000 kaltetu baino gehiago eta 6.469 ebakuatu utzi dituzte euriteek.
Egoera humanitarioa
Duela bi aste Eta urakana igaro ostean, Iotak eskualdean izango duen eraginaz ohartarazi zuten erakunde humanitarioek.
Iotak kalte handiak egin ditu ekoizpen-azpiegitura, osasun-instalazio eta eskoletan, eta askorentzat diru-iturri garrantzitsua den turismoari ere eragin dio. World Vision enpresak Latinoamerikan eta Kariben larrialdietarako duen aholkulari Nelson Chavez kezkatuta agertu da milaka pertsona aldi baterako aterpetxeetan babestu behar izan direlako. "Milaka pertsonaren ebakuazio masiboak, edateko ura eskuratzeko aukera mugatuak eta balizko pilaketek COVID-19arekin kutsatzeko arriskua areagotu die milaka familiari", gaineratu du.