Mundua -

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

Trumpek iruzurra salatu, eta auzitara eramango ditu estatu giltzarrietako emaitzak

Agintariak iragarri du salaketak aurkeztuko dituela Michiganeko, Wisconsineko eta Pennsylvaniako zenbaketen aurka.

Donald Trump, hauteskunde gauean Etxe Zuritik egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Donald Trump, hauteskunde gauean Etxe Zuritik egin duen agerraldian
Trumpek hauteskundeak irabazi dituela eta bere kontrako ''iruzurra'' salatu du

8:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), Donald Trump egungo presidente eta berrautaketarako demokraten presidentegaiak hauteskundeak irabazi dituela aldarrikatu du, nahiz eta hainbat estatutan zenbaketa ez den amaitu. Horrez gain, Auzitegi Gorenera joko duela aurreratu du, bere kontrako ustezko hauteskunde "iruzurra" salatzeko.

"Hau iruzur bat da AEBko herritarrentzat. Hau lotsagarria da gure herriarentzat. Gu hauteskunde hauek irabazteko prestatzen ari ginen. Egia esan, guk irabazi ditugu hauteskundeak. Guk irabazi ditugu hauteskundeak", berretsi du Trumpek Etxe Zurian egin duen agerraldian.

Mike Pence presidenteordea eta Melania Trump lehen dama alboan zituela atera da kazetarien aurrera, oraindik milioika boto zenbatu gabe daudenean eta giltzarri diren zenbait estatutako kontaketa amaitu ez denean.

Pennsylvanian, Michiganen eta Wisconsinen, esaterako, orduak edota asteak beharko dituzte boto guztiak zenbatzeko. Izan ere, asko igo da aurretiazko botoa edo posta bidezko botoa.

Donald Trumpek azpimarratu duenez, "milioika eta milioika pertsonak" bozkatu dute bere hautagaitzaren alde, eta "pertsona talde oso triste bat boto eskubidea kentzen saiatzen ari da". "Guk ez dugu onartuko", gaineratu du.

AEBko agintariak ziurtatu duenez, bera eta bere taldea "ospakizun handi baterako" prestatzen ari ziren hauteskunde gauean, "dena irabazten" ari zirelako eta "bat-batean dena bertan behera geratu da".

Bozak egin aurretik iragarri zuen bezala, hauteskunde emaitzak Auzitegi Gorenean errekurrituko dituela berretsi du, boto zenbaketa gaur bertan amaitu dadin. "Auzitegi Gorenera joango gara", adierazi du AEBko presidenteak. "Bozketa guztiak gelditzea nahi dugu. Ez dugu nahi beraiek goizeko lauretan boto-paperak aurkitzea eta zenbaketara gehitzea", zehaztu du.

Trumpen hitzetan, gertatzen ari dena "oso tristea" da, baina presidentetzarako hauteskundeak irabaziko dituela uste du. "Oso une tristea da. Niretzat oso une tristea da, eta guk hau irabaziko dugu", gaineratu du. "Niri dagokidanez, guk irabazi dugu", aldarrikatu du.

Salaketak Georgian, Wisconsinen, Michiganen eta Pennsylvanian

Arratsaldean, Trumpen lantaldeak iragarri du auzitara joko duela Wisconsineko, Michiganeko eta Pennsylvaniako zenbaten aurka, porrota saihesteko helburuz.

Wisconsineko botoen % 98 zenbatuta, Joe Biden demokratak 20.000 boto eskaseko aldea du, hau da, % 0,6ko alde txikia, baina Trumpek botoak berriro zenbatzea eskatuko du bertan.

Meagan Wolfe estatu horretako Hauteskunde Batzordeko buruak azaldu duenez, emaitza ofizialak abenduaren 1ean egiaztatuko dituzte. Horregatik, herritarrak hedabideen proiekzioen zain daude, baina hedabideak ez dira 'busti' nahi oraindik.

Legearen arabera, hautageiek zenbaketa errepikatzea eskatu dezakete baldik eta aldea % 1ekoa baino txikiagoa bada, eta Trumpen taldeak erabakita du lege horri heltzea.

Michiganen, aldiz, Trumpen lantaldeak salaketa aurkeztu du epaitegi batean, zenbaketa geldiaraztea eskatzeko. Hauteslekuetarako sarbidea ez dela behar bezala erraztu argudiatzen dute errepublikanoek.

Pennsylvanian ere auzibidera joko duela aurreratu du.

Georgian, gehiengo demokrata duen estatuan, Trumpen kanpainako abokatuen asmoa zenbaketa gelditzea da. Izan ere, Alderdi Errepublikanoko kide baten arabera, langile batek posta bidez igorritako boto-paperak prozesatu gabe zeuden beste batzuekin nahastu zituen.

Manifestazioak eta protestak Arizonan, Michiganen, Minneapolisen eta New Yorken

Dozenaka pertsona atxilotu dituzte asteazken honetan New Yorken, Manhattan auzoko manifestazioetan parte hartzen ari zirela. Manifestazioetan, ehunka herritar Donald Trumpen administrazioaren aurka agertu dira eta hauteskundeetako boto guztiak zenbatzeko eskatu dute. Euskal Herrian 04:00ak zirenean, New Yorkeko Poliziak 20 lagun atxilotu dituela baieztatu du.

Minneapolisen, Trumpen aurkako beste manifestazio batean, hainbat pertsona atxilotu dituzte asteazken honetan. Minnesotako tokiko CBS telebista katearen arabera, Poliziak zenbait atxiloketa egin ditu, baina oraingoz ez dute zehaztu zenbat pertsona atxilotu dituzten. Minneapolisen istilu larriak gertatu ziren maiatza eta ekaina bitartean, Poliziak George Floyd hil ondoren.

Detroiten (Michigan), Trumpen dozenaka jarraitzailek elkarretaratzea egin dute "Zenbatu ditzagun boto guztiak" leloa zuten pankartekin eta AEBko banderekin, zenbaketa gelditzea eskatzeko.

Trumpen jarraitzaileek botoen zenbaketa gelditzeko eskatu dute Michiganen
Trumpen jarraitzaileek botoen zenbaketa gelditzeko eskatu dute Michiganen
Trumpen jarraitzaileek botoen zenbaketa gelditzeko eskatu dute Michiganen

0:57

Bestalde, Donald Trump hautagai errepublikanoaren jarraitzaile talde batek bozketa gune bat inguratu du asteazken honetan Arizonan, "Zenbatu botoak!" oihukatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Hauteskundeak AEB Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Donald Trump albisteak Hauteskundeak gaur Joe Biden Kamala Harris gaur