Mundua -

Profila

Donald Trump, presidentetzara heldu zen enpresari mediatikoa

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako 45. presidentea da, eta bere kargua berritzeko Alderdi Errepublikanoaren hautagaia da.

Donald Trump. Argazkia: EFE
Donald Trump.
Donald Trump. Argazkia: EFE

M. D. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump, Ameriketako Estatu Batuetako 45. presidentea, kargura heltzean zaharrena, aberatsena eta aurretik kargu militar edo politiko bat izan gabe heltzen lehena izan da, eta berriz ekingo dio agintaldia errepikatzeko lehiari.

Politikara jauzi egin baino lehen, Trump enpresari ezaguna zen AEBen. Azken lau urteetan, bere pertsonalitate indartsuak eta politika populistak AEBen bilakaera baldintzatu dute, jarraitzaile fidelen eta aurkako sutsuen artean, eta bere herrialdearen tokia irauli dute nazioarteko agertokian.

Etxeko ospea mundu mailakoa bilakatu zen presidentetzan. Time aldizkariak "2016. urteko pertsona" izendatu zuen eta, noski, bere mozorroa hurrengo inauterietako erabiliena izan zen.

1946ko ekainaren 14an jaio zen New Yorkeko Queens auzoan. Alemaniar jatorriko Fred Trump eraikitzailearen eta eskoziar jatorriko Mary MacLeod etxeko andrearen laugarren semea da. 1964an graduatu zen, akademia militar batean.

1968an enpresariak Ekonomia ikasketak amaitu zituen, Pensilvaniako Unibertsitateko Wharton Eskolan, eta 1971n familiaren konpainiako zuzendaritza eskuratu zuen eta izena aldatu zion: The Trump Organization. Manhattanera joan zen bizitzera, ospearen bila. Bilatu eta aurkitu egin zuen: proiektu arranditsuak aurrera eramanda, autobonboa erabilita, erdi egiak esanda eta hedabideekin harreman liskartsua izanda.

Forbes aldizkariaren arabera, mundu mailako aberatsenen artean 766. da, 3.100 milioi dolarrekin. Bere negozio ibilbide luzea arrakastez eta porrotez betetako gorakada batek ezaugarritzen du, eta ospe handia izan du telebistan –pelikuletan ere agertu egin da–.

Bere hotelak eta kasinoak behin baino gehiagotan izan dira lur-jotze egoeran. Izan ere, Trumpek berak onartu du bankuekin dituen zorrak berriz negoziatzeko modu ona dela. "Porroten legeekin jolasten dut, onak dira niretzat", esan zuen 2011n, Newsweek-en arabera.

"Harrokeriaren, porrot komertzialen eta benetako arrakastaren arteko nahasketa da Trump"

"Harrokeriaren, porrot komertzialen eta benetako arrakastaren arteko nahasketa da Trump", The Washington Post-ek berari buruz egin zuen profilaren arabera. Presidentea izan baino lehen telebistako izarra izan zen. NBCren The Apprentice reality show-ean, lehiakideek 250.000 dolar eta bere enpresetako bat zuzentzeko kontratu bat irabazteko borrokatzen zuten.

Hiru aldiz ezkondu da, eta izan dituen bi dibortzioak (Ivana Zelnickova Txekiako modeloarekin 1991ean eta Marla Maples aktore estatubatuarrarekin 1999an) entzute handikoak izan dira. Trumpen bizitza pertsonala ibilbide profesionala bezain gorabeheratsua izan da, prentsa arrosaren gozamenerako.

2005etik, Melania Knauss Esloveniako modeloarekin –estatubatuar naturalizatua gaur egun– ezkonduta dago. Gaur egungo lehen dama da.

Zenbait eskandalu izan ditu inguruan; Stormy Danielsekin, adibidez. 2006ean berarekin harremanak izan zituela esan zuen aktore pornoak, baina Trumpek beti ukatu du. Lehen hauteskundeak baino lehen, Michael Cohen abokatuak dirua eman zion aktoreari konfidentzialtasun akordio baten barruan, baina berak istorioa kontatu nahi izan du.

Ustekabe batekin bukatu zuen kanpaina polemikoa

Hutsean geratu ziren zenbait iragarpenen ondoren, 2015ean Trumpek Etxe Zurirako bideari ekitea erabaki zuen, Alderdi Errepublikanoaren barruan. Bere leloa legealdi guztian erabilitako bera izan zen: Make America great again (Egin AEB handia berriro).

AEBko stablishment politikoan denbora luzea egin duen Hillary Clinton demokrataren aurka kanpaina gogorra izan zuen, eta polemikak ez ziren gutxi izan. 2016ko urrian Trump "emakumeei nahi duena egiteaz" harro agertu zen iraganeko bideo batean. Izan ere, 19 emakumeren nolabaiteko sexu jazarpen salaketak jaso ditu.

Azkenean, lehia ustekabean bukatu zen. Inkestek ziotenaren kontra, Trumpek hauteskundeak irabazi zizkion Clinton presidente ohiaren emazteari, boto gutxiago lortuta.

Aldaketa Estatu Batuetan

2017ko urtarrilaren 20an presidente kargua hartu zuen, Barack Obamaren eskutik, eta politika estatubatuarrari 180ko bira eman zion, bere mugen barruan zein kanpoan. Legealdi hasieratik ez dira polemika eta liskarrak falta izan. Oposizioaren impeachment batetik ere bizirik atera zen Trump. "Sorgin-ehizatzat eta fartsatzat" hartu zuen presidenteak.

Barne politikan, Trumpen lehendabiziko erabakietako bat izan zen, hain zuzen ere, Obamacare izenarekin ezagutzen zen aurreko presidentearen osasun sistemaren erreforma indargabetzea. Estatubatuar askorentzat eskuragarri ez diren osasun aseguruen estaldura zabaltzearen bidean atzera egin zuen Trumpek.

AEBen eta Mexikoren artean harresi bat eraikiko zuela agindu zuen kanpainan

Immigrazioari dagokionez, bere agintaldia hasi eta berehala, Trumpek AEBen eta Mexikoren arteko harresia eraikitzeko agindua eman zuen. Mugako hesia sendotzea zen asmoa, baina oraindik ez dituzte lanak hasi, finantzaketa faltagatik. Mugaz bestaldeko produktuei jarritako zergen bitartez ordainduko dela esan du Trumpek.

Gehiengo islamiarra duten zazpi herrialdetako herritarrei AEBetan sartzea galarazi zien, eta horrek herritarren eta zenbait enpresaren protestak eragin zituen.

Politika energetikoaren esparruan, Trumpek atzerriko petrolioaren dependentzia murriztu nahi du. Horren ondorioz, energia-iturri fosilak bultzatu ditu. Berriztagarriekin modu berean aritu ez denez, ekologisten oposizioa ere izan du presidenteak.

Trumpekin, AEB klima aldaketaren kontrako Parisko Hitzarmena sinatu ez duen herrialde bakarra da. 2017an irten zen akordiotik, eta ez du kezkatzen, ez duelako uste beroketa globala erregai fosilen ondorio denik.

Enpresariaren politika ekonomikoaren erdigunean dago errenta altuenen zergen beherakada, kanpoko merkataritzan muga-zergak igotzen dituen bitartean. Presidenteak kontserbadoretzat du bere burua, eta legez kontrako immigrazioaren aurkako diskurtsoa dauka.

Beste gaien artean, abortu eskubidearen aurka dago, soilik bortxaketa kasuetan eta emakumearen osasuna arriskuan dagoenean defendatzen du; armen jabetza kontrolatzearen kontra dago, eta gastu militarra igotzearen alde. Bere agintaldian, LGBT mugimenduaren oposizioa izan du presidenteak.

Garai berriak zuzentzeko lehia Txinarekin

Estatu Batuek nazioarteko agertokian jokatzen duen papera erabat aldatu da Trumpekin. Aurreko presidenteen merkataritza akordioen aurrean protekzionismoa defendatzen du.

Estrategia berri onek bere ohiko aliatuekin desadostasunak izatea ekarri dio, baita Europar Batasunarekin edo NATOko kideekin ere. Azken horiek erakunde militarra finantzatzeko diru gehiago eskatu die.

"America first" (AEB lehenago) leloarekin, mugen barrura begiratzen duela dio Trumpek, baina horrek ez du esan nahi nazioartean politika neutralak dituenik. Zenbait erabakirekin oso argi erakutsi du bere asmoak zeintzuk diren. Adibidez, Jerusalem Israelgo hiriburu bezala onartu zuenean, Benjamin Netanyahuri babesa erakutsiz. Modu horretan, eskualdearentzat konponbide adostu bat bilatzen zuen nazioarteko adostasunarekin apurtu zuen.

Sirian, Obamaren jokabidea kritikatu zuen arren, gerran parte-hartzeko politika belikoarekin aurrera jarraitu zuen Trumpek. Saudi Arabiari ere laguntza ematen dio Yemengo xiiten kontrako kanpaina militarrean.

AEB eta Kubaren arteko harremanei dagokienez, berriz blokeo historikora itzultzeko erabakia hartu zuen, Obamak abiarazi zuen hurbiltze prozesua geldiaraziz. Venezuelan ere zigorren alde egiten dute Trumpen Estatu Batuek, eta ez du alboratu Armadak ere esku hartzea.

Bere legealdiko erabaki garrantzitsuenen artean dago Iranekin lortutako hitzarmena apurtzea. Momentu horretara arte, lankidetzan aritu ziren Errepublika Islamikoa eta potentzia nuklearrak, baina politika horrekin hautsi zuen Trumpek. Gainera, AEBek Qassem Soleimani jeneral iraniarra hil zuten Iraken, Iranekin izugarrizko tentsioa sortuta.

Ipar Korearekin, ordea, gorabehera handiko jarrera izan du Trumpek. Hasieran bi herrialdeen arteko borroka hotza berotzeari ekin zion, baina 2019an inoiz izan den hurbilketa sakonena eman zuen, Kim Jong-unekin Zona Desmilitarizatuan bilduta. Horrela Ipar Korean egondako lehen presidente estatubatuarra bilakatu zen.

Trump eta Kim Jong-un bi Koreen arteko mugan bildu dira
Trump eta Kim Jong-un bi Koreen arteko mugan bildu dira
Trump eta Kim Jong-un bi Koreen arteko mugan bildu dira

2:30

Momentu honetan merkataritza gerra bizian dago Txinarekin. Bere aurkari nagusiarekin duen defizita orekatu nahi du, eta horregatik "merkataritza jardute desleialak" izatea leporatzen dio, baita jabetza intelektuala lapurtzea ere.

Trump COVID-19ko pandemian

AEB koronabirus kasu eta hildako gehien dituen munduko herrialdea da. Gogor kritikatu dute Trumpen jokabidea pandemia osoan zehar. Batetik, koronabirusa "txinatartzat" hartzeagatik eta bere aurkari geopolitikoaren kontra jateko erabiltzeagatik. Aitzakia horrekin, Munduko Osasun Erakundea finantzatzeari ere utzi dio AEBk.

Bestetik, birusaren hedakuntza ezin gelditzea ere egozten diete, adierazpen zentzugabeak egiten zituen bitartean. Esaterako, gaixotasuna sendatzeko desinfektatzeailea eta eguzkiaren argia txertatzea proposatu zuenean.

Koronabirusa sendatzeko desinfektatzailea txertatzea proposatu du Trumpek
Koronabirusa sendatzeko desinfektatzailea txertatzea proposatu du Trumpek
Koronabirusa sendatzeko desinfektatzailea txertatzea proposatu du Trumpek

1:12

Urriaren 2an, berak eta Melaniak COVID-19a zutela eta koarentena "elkarrekin" egingo zutela iragarri zuen Trumpek. Hope Hicks aholkulariak gaixotasuna zuela jakin ostean egin zieten PCR proba. Hicks musukorik gabe ikusi zuten kanpainako bidaietan, eta baita Trump ere.

Maskara hizpide izan zuten Trumpek eta Joe Bidenek lehen hauteskunde eztabaidan. Presidenteak iseka egin zion beste hautagaiari jantzita eramategatik: "Nik beharrezko iruditzen zaidanean erabiltzen dut, ez zuk bezala, 600 metrotara egon zaitezke inoiz ikusi dudan musuko handienarekin".

Polemika bat bestearen atzetik

Esan dezakegu adierazpen politikoak Twitter bidez egitea modan jarri duela Trumpek. Bertan idazten ditu bere aurkariei zuzendutako mezuak, eta neurriak ere sare sozial horretan iragartzen ditu. Populista den arren, edo agian horregatik, kontraesanak ere botatzen ditu.

Bere aurkariek, gezur erdiekin jolasteaz gain, zuzenean gezurrezko adierazpenak egitea leporatzen diote. Estatu Batuetako zenbait hedabidek zehaztugabetasuna eta gezurrak identifikatu dituzte. Askotan izan ditu liskarrak prentsarekin. Handiena, agian, 2019an CNNko kazetari batekin izan zuen.

Donald Trump se enfrenta a los periodistas
Donald Trump se enfrenta a los periodistas
Donald Trump se enfrenta a los periodistas

Bere purrustadak ohikoak bilakatu dira. 2017an, II. Mundu Gerran borrokatu ziren indigena navajoei egin zieten omenaldian, Trumpek "Pocahontas" deitu zion senatari demokrata bati. "Deitoragarria" izan zen emakume horrentzat.

2018an, El Salvador, Haiti eta Afrikako zenbait herrialde "zulo zikinak" direla esan zuen. Era berean, Estatu Batuetara heltzen diren pertsona batzuk "animaliak" direla esan zuen, eta "ez pertsonak", eta Gobernua "botatzen" ari dela.

Trump: 'AEBra iristen diren batzuk ez dira pertsonak, animaliak dira'
Trump: 'AEBra iristen diren batzuk ez dira pertsonak, animaliak dira'
Trump: 'AEBra iristen diren batzuk ez dira pertsonak, animaliak dira'

2018ko Gabonetan ere kritikatu zuten, ume bati honakoa galdetzeagatik: "Oraindik Santa Clausengan sinesten duzu?".

Trumpek zazpi urteko ume bati: 'Oraindik Santa Clausengan sinesten duzu?'
Trumpek zazpi urteko ume bati: 'Oraindik Santa Clausengan sinesten duzu?'
Trumpek zazpi urteko ume bati: 'Oraindik Santa Clausengan sinesten duzu?'

0:34
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Donald Trump hesia Hauteskundeak