Mundua -
Estatu Batuak
Trumpek agente federalak bidaliko ditu Wisconsinen istiluak geldiarazteko
Arrazakeriagatiko istiluak geldiaraztea du helburu, bart bi herritar hil eta beste bat zauritu, eta 17 urteko mutil bat atxilotu ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak iragarri duenez, Guardia Nazionalarekin bat egingo duten agente federalak bidaliko dituzte Kenoshara (Wisconsin), bart bi hildako eta zauritu bat eragin zituzten arrazakeriagatiko istiluei aurre egiteko. Protestetan 17 urteko mutil bat ere atxilotu zuten.
Tom Evers Wisconsingo gobernadoreak ontzat jo du agente federalak bidaltzea, eta Trumpi txio batean adierazi dio ez duela onartuko "arpilatzerik, nahita piztutako suterik, indarkeriarik eta ilegaltasunik AEBko kaleetan".
Aldi berean, Lake konderriko (Illinois) agintariek jakinarazi dutenez, Kyle Rittenhouse (17 urte) atxilotu dute astearte gauean Kenoshako manifestariekin izandako liskar batean bi pertsona hil eta beste bat zauritzea egotzita.
Lekukoek grabatu eta tokiko hedabideek argitaratutako irudietan fusil batekin manifestarien aurka tiro egiten ikus daitekeen gaztea da.
Milwaukee Journal Sentinel egunkariak adierazi duenez, nahita egindako hilketak egotzi dizkiote.
David Beth Kenosha konderriko poliziaburuak prentsaurreko batean azaldu duenez, osteguneko 00:00etan etxeratze-agindua indarrean sartu da hirian, eta ordu horretatik aurrera ez dituzte protesta baketsuak onartuko eta manifestariak sakabanatuko dituzte.
"Iluntzean hasten dira indarkeria arazoak", azaldu du Bethek. "700 polizia agente ditugu, Guardia Nazionaleko ehunka soldadu ditugu, eta oso irmo jokatuko dugu. Norbaitek etxeratzeko agindua betetzen ez badu, araua urratzeagatik atxilotuko dute".
"Kenosha hiriko jendeaz harro nago", adierazi du Bethek, "ez baikaude horrelako istiluetara ohituta".
"Kenoshako herritarrak etxean geratu ziren, ibilgailuak alboratu eta segurtasun-indarrei beren lana egiten utzi zieten", gaineratu du.
Kale-protestak igande iluntzean hasi ziren Kenoshan, polizia batek Jacob Blake afroamerikarrari bizkarretik zazpi tiro egin ostean. Blakeren familiaren arabera, larri dago ospitalean, eta baliteke paraplegiko geratzea.
Bezperan, etxeratzeko agindua indarrean sartu zenean, manifestariek aurre egin zioten Poliziari Kenosha Konderriko kaleetan, botilak, harriak eta bengalak jaurtirik, eta agenteek gas negar-eragilea eta gomazko pilotak jaurtiz erantzun behar izan zuten.
Orduek aurrera egin ahala, manifestari talde bat gasolindegi baten ingurura joan zen, eta suzko armak zituzten hainbat gizon aurkitu zituzten bertan; instalazioa babesten ari zirela adierazi zieten, eta protestan parte hartzen ari zirenekin eztabaidan hasi ziren, The New York Times egunkariaren arabera.
Gauerdia pasata, gasolindegitik kanpo tiroak izan ziren, eta bi manifestari hil eta bat zauritu zituzten.
Polizia zuri batek Jacob Blake izeneko gizon beltz bati bizkarrean zazpi tiro egin ostean berpiztu ziren protestak; izan ere, agenteak mehatxatu gabe haiengandik aldentzen ari zela eta hiru seme-alaba adingabeak zeuden ibilgailuan sartzera zihoanean egin zioten tiro, lekukoek telefono mugikorrez grabatu eta hedabideek gero zabaldu dituzten irudietan ikus daitekeenez.
Biktimaren aitak (semearen izen bera du) deitoratu egin du poliziak "zazpi aldiz, zazpi aldiz, tiro egin izana, bera axola ez zitzaiola erakutsiz".
"Baina nire semeak axola du", gaineratu du: "Gizakia da, eta berak axola du".
Maiatzaren 25ean polizia zuri batek George Floyd belauna lepoaren kontra estututa hil eta hiru hilabetera igaro dira istilu horiek.
Floyden heriotzak protesta jendetsuak eta istilu bortitzak eragin zituen herrialde osoko hirietan.