Mundua -
COVID-19
Erresuma Batuak Espainiako bidaiariei koarentena ezarri die berriro
Espainiatik heltzen diren bidaiariek 14 eguneko itxialdia egin beharko dute Erresuma Batuko etxebizitza batean. Neurria urratzen dutenek mila liberako isuna (1.072 euro) ordaindu beharko dute.
Agentzia | Erredakzioa
Erresuma Batuko Gobernuak koarentenatik salbuetsita dauden estatuen zerrendatik kendu du Espainia. Horrela, bertatik heltzen diren bidaiariek 14 egun bakarturik eman beharko dituzte, Garraio Ministerioak larunbat honetan baieztatu duenez.
Ministerioko bozeramaile batek zehaztu duenez, neurria gauerdian sartuko da indarrean, eta Espainiako Estatu osoari aplikatuko diote, Balear eta Kanaria Uharteak barne.
Honenbestez, Espainiatik heltzen diren bidaiariek 14 eguneko itxialdia egin beharko dute Erresuma Batuko etxebizitza batean. Neurria urratzen dutenek mila liberako isuna (1.072 euro) ordaindu beharko dute.
Espainia Erresuma Batuko herritarren oporretako toki estimatuena da. Horrela gauzak, neurriak ezinbestean pertsona askoren udarako planak hankaz gora jarriko ditu, eta Erresuma Batuko zein Espainiako turismo sektoreei kalte egingo die.
“Espainian harrapaturik dauden pertsonentzako eta bertara joateko asmoa zutenentzako albiste kezkagarria da”, onartu du Nick Thomas-Symonds Alderdi Laboristako Barne bozeramaileak. Horregatik, herritar horiek laguntzeko egitasmo bat eskatu dio Gobernuari.