Mundua -

Koronabirusa

Bolsonarok koronabirusa daukala iragarri du

Presidente brasildarrak "gripe txikitzat" jo izan du gaixotasuna. Ekitaldi publikoetan maskara gabe eta segurtasun distantzia zaindu barik parte hartu du.

Jair Bolsonaro. Artxiboko argazkia: EFE
Jair Bolsonaro.
Jair Bolsonaro. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak koronabirusaren proban positibo eman duela eta klorokina izeneko medikamentua hartzen hasi dela jakinarazi du.

Kazetarien aurrean egindako agerraldi batean azaldu duenez, sintomak igandean antzeman zituen, baina une honetan "oso ondo" dagoela erantsi du.  

Pandemiaren harira, Bolsonaro munduko agintari eszeptikoenetariko bat izan da. Hasieratik gutxietsi du gaitzaren larritasuna, konfinamenduan kaletik ibili zen eta ekitaldi publikoetan maskara gabe eta segurtasun distantzia zaindu barik parte hartu du.

"Ez nuen espero hau niri gertatzea", aitortu du. Orain koarentenan egon beharko du etxean, eta datozen egunetako ekitaldiak bertan behera utzi behar izan ditu. Hala ere, telelanean arituko dela eta bideokonferentziak egingo dituela adierazi du.  

Joan den asteburuan, Santa Catarina estatuan izan zen eta Brasilian Todd Chapman AEBko enbaxadorea bisitatu zuen, Independentzia Eguna ospatzen zela eta. Argazkietan denak maskararik gabe eta elkar besarkatuz ageri dira. Gauzak horrela, diplomatiko estatubatuarrari koronabirusaren testa egin diote. Oraingoz ez dute emaitzaren berri eman.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Brasil Osasun albisteak Koronabirusa