Mundua -
Arrazakeria eta protestak
Trumpek Floyd aipatu du enplegu datuak ospatzeko: "Egun handia da berarentzat"
"Gure herriari gertatu zaiona arrazen arteko harremanetarako, afroamerikarrentzat, gerta daitekeen gauzarik onena da", esan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump AEBko presidenteak ostiral honetan adierazi duenez, arrazen arteko tirabirak konpontzeko bere plana hazkunde ekonomikoa bultzatzea da. Halaber, George Floyd (protestak piztu zituen afroamerikarraren hilketa) langabeziari buruzko datu berria ikusiko balu zerutik poztuko litzatekeela esan du.
Trumpek adierazpen polemikoak prentsaren aurrean egindako agerraldi luze batean egin ditu; izan ere, maiatzean Estatu Batuetako langabezia-tasa % 13,3ra jaitsi zen ustekabean, aurreko hileko % 14,7arekin alderatuta,AEBko Lan Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez.
"Gure herriari gertatu zaiona arrazen arteko harremanetarako, afroamerikarrentzat, gerta daitekeen gauzarik onena da", esan du Trumpek, enplegua espero bezain ukituta ez dagoelako zantzuari erreferentzia eginez.
"Hori da nire plana. Munduko ekonomiarik indartsuena izango dugu", gaineratu du Trumpek kazetari batek Estatu Batuetan arrazakeria sistemikoari aurre egiteko plana zein den galdetu dionean.
Horren harira, Trumpek esan du Floyd poztu egingo litzatekeela maiatzeko langabezia-indize berria ikusiko balu. Afroamerikarra maiatzaren 25ean hil zen Mineapolisen (Minesota), polizia zuri batek belaunarekin lepoa ia bederatzi minutuz estutu ostean.
"George orain zerutik guri begira egotea nahiko nuke, hau gure herriarentzat oso ona dela esanez. Egun handia da berarentzat, egun handia guztiontzat", adierazi du.
Agintariak ospakizun tonua erabili du, nahiz eta maiatzean afroamerikarren arteko langabezia datua apirilekoa baino okerragoa izan, Lan Sailak ostiral honetan argitaratu duen txostenaren arabera.
Joan den hilean, afroamerikarren langabezia-tasa % 16,8ra igo zen, 1984tik izandako handiena; latinoena, berriz, pixka bat jaitsi zen, baina oso maila altuan jarraitu zuen, % 17,6an.
Kazetari batek Trumpi galdetu dio nola har dezakeen garaipentzat beltzen kasuan gora egin duen langabezia indizeak, eta presidenteak erantzun du: "Zure modukorik ez dago".
Agintariak berretsi duenez, "inork ez du komunitate beltzaren alde bera baino gehiago egin", baina herrialdeko kaleak urez bete dituzten manifestari baketsuei elkartasuna adieraztea saihestu du, eta berriz ere protesten aurrean gogor erantzuteko eskatu du.