Mundua -
KORONABIRUSA
Aktiboak erosteko programa 600.000 milioi eurotan zabalduko du EBZk
Halaber, erosketa garbiak egiteko epea sei hilabetez luzatzea erabaki du, 2021eko ekainera arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Banku Zentralak (EBZ) COVID-19aren ondorioei erantzutea erabaki du. Horretarako, pandemiaren aurkako aktiboak erosteko programa 600.000 milioi eurotan zabaldu du, 1,35 bilioi euroraino.
Programa amaitzeko epea doitzea ere erabaki du institutu igorleak. Sei hilabetez luzatu du erosketa garbiak egiteko epea, 2021eko ekainera arte. Era berean, epemugetatik lortzen diren funtsak berrinbertitzen jarraituko du, gutxienez 2022. urte amaierara arte.
Europako Banku Zentralak adierazi duenez, programa horren balantzearen murrizketa moneta-politikan interferentziarik ez eragiteko moduan egingo da.
Christine Lagarde buru duen erakundeak nabarmendu duenez, programa horren bidez egindako erosketa guztiak "malgutasunez" egingo dira, eta, beraz, EBZk beharrezkotzat jotzen dituen aktiboak eta jurisdikzioak erosi ahal izango ditu, kapitalaren kodearen proportzioari erreparatu gabe.
Aktiboak erosteko programa normalari dagokionez, EBZk ez du aldaketarik egin. 20.000 milioi euro garbi erosten jarraituko du, baina urte amaierara arte 120.000 milioi euroko erosketa-potentzia gehigarria izango du, hilero banatzeko.
Gobernu Kontseiluak berriro azpimarratu duenez, erosketa horiek interes-tasen "eragin moldakorra" indartzeko behar besteko denbora iraungo dute.
Horri dagokionez, adituek espero bezala, EBZk aldaketarik gabe eutsi die birfinantzaketa-eragiketetarako erreferentziazko interes-tasei, % 0an; gordailatzeko erraztasunaren tasak, berriz, % -0,50ean jarraituko du, eta mailegatzeko erraztasunarenak, % 0,25ean.
Erakunde igorleak etorkizunerako orientazioa ere aldaketarik gabe utzi du, eta, beraz, tasak egungo mailan mantenduko dira, Europako Banku Zentralak inflazioaren iragarpenak "behar bezain gertu, baina % 2tik behera" bat egiten duela ikusi arte.
Inflazioa
Euroguneko barne-produktu gordinak (BPG) % 3,2ko urteko uzkurdura izan zuen 2020ko lehen hiruhilekoan, iazko epe bereko % 1eko hazkundearen aurrean, Eurostat Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoak argitaratutako azken datuen arabera.
Bestalde, euroguneko urte arteko inflazio-tasa % 0,1ean kokatu zen maiatzean, martxoan baino bi hamarren gutxiago, energiaren prezioen beherakadaren ondorioz (% 12 jaitsi zen).