Mundua -
Koronabirusa
Brasilek Erresuma Batua gainditu du COVID-19 kasuetan, eta munduko hirugarrena da
Pandemia maila horretara iritsi bada ere, Jair Bolsonaro presidentea konfinamendu neurriak hartzearen aurka agertu da une oro, ekonomiari kalte handiegia eragingo ziola iritzita.
agentziak | erredakzioa
Brasilen 13.140 koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduotan, eta guztira 255.368 dira jada herrialde osoan, Erresuma Batuan baino gehiago. Ondorioz, COVID-19aren pandemiak munduan gogorren jo dituen herrialdeen zerrendan hirugarren postuan kokatu da.
Hildakoen kopuruari dagokionez, Brasilen 674 pertsona hil dira egun batean, eta gaixotasunak hildakoak 16.853 dira orotara, Johns Hopkins Unibertsitateak emandako azken balantzearen arabera.
Brasil izan da Hego Amerikako herrialde kolpatuena hasieratik, eta Frantzia, Italia, Espainia eta Erresuma Batua gainditu ditu egun gutxitan, kutsatu kopuruari dagokionez.
Hala eta guztiz ere, seigarrena da, herrialde horien atzetik, biktima kopuruari dagokionez.
Kontuak kontu, Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea konfinamendu neurriak hartzearen aurka agertu da une oro, ekonomiari kalte handiegia eragingo ziola iritzita.
Gobernu federalaren ekintzarik ezaren aurrean, estatuetako eta udaletako agintariek Auzitegi Gorenera jo zuten, eta horrek tokian tokiko agintariei gaixotasunaren aurkako neurri propioak hartzeko erabateko boterea ematea erabaki zuen.