Mundua -
KORONABIRUSA
MOEk ohartarazi duenez, Covid-19a "baliteke inoiz ez joatea"
Orain arte 4,3 milioi kutsatze eta ia 300.000 heriotza izan dira mundu osoan Covid-19aren ondorioz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ohartarazi duenez, koronabirus berria "baliteke inoiz ez joatea" eta "beste birus endemiko bat bihurtzea, GIBa bezala".
Hala adierazi du Mike Ryan MOEko Osasun Larrialdietako zuzendariak, eta egoera horren aurrean "errealista" agertu beharra aipatu du: "Inork ezin du aurreikusi gaixotasun hori desagertuko den ala ez".
Ryanek koronabirus berriaren egoera GIBaren edo elgorriaren egoerarekin alderatu du, gaur egungo gaixotasunak, eta, GIBaren kasuan, mundu osoan milaka pertsonek pairatzen dutena.
Hala ere, Ryanek ez dela zentzuzkoa espektatibak sortzea gaixotasuna noiz amaituko den jakiteko uste du, baina txerto batek "aukera bat" eskaintzen duela esan du, baina "oso eraginkorra izan behar du eta eskuragarri egon behar da mundu guztiarentzat".
Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko idazkari nagusiarekin eta Maria Van Kerkhove MOEko gaixotasun infekziosoen epidemiologoarekin batera egin du agerraldia Ryanek.
Pandemia hasi zenetik osasun langileek eta gutxiengo batzuek jasaten ari diren erasoen inguruan ere galdetu diote Ryani, eta herritarren ezjakintasunari eta informazio eta hezkuntza faltari egotzi die errua.
Ryanek gaitzetsi egin ditu erasoak, eta apirilean dozena bat herrialdetan hogeita hamar bat istilu "nahiko larri" izan zirela zehaztu du.
"Covid-19aren pandemia gure onena ateratzen ari da, baina baita txarrena ere. Pertsona batzuek uste dute beren frustrazioak adierazteko baimena dutela laguntzen saiatzen ari direnen aurka. Zentzurik gabeko indarkeria eta diskriminazio ekintzak dira horiek, eta aurre egin behar zaie", adierazi du.
Orain arte 4,3 milioi kutsatze eta ia 300.000 heriotza izan dira mundu osoan Covid-19aren ondorioz, eta AEBak izan dira pandemia gehien jasan duen herrialdea.