Mundua -
Koronabirusa
Lanera itzultzea eta mugarik gabeko irteerak baimenduko ditu Boris Johnsonek
Ingalaterran bakarrik ezarriko dira neurri berri horiek, eta bertan behera utziko lituzkete pandemia berpiztuz gero.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Telelana egitea ezinezkoa zaien herritarrei lanera joatea baimendu du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, deskonfinamenduaren "bide-orriaren lehen zirriborroa" bere horretan bideratuz gero. Gainera, kirola egiteko nahiz eguzkia hartzeko "mugarik gabeko" irteerak ere baimendu ditu.
Hori bai, higiene-neurriak eta pertsonen arteko distantziak gordetzera deitu ditu herritarrak Johnsonek telebista bidez egindako hitzaldian, eta garraio publikoa erabili beharrean, kotxez, bizikletaz edo oinez mugitzeko eskatu die.
Neurri horiek Ingalaterran bakarrik ezarriko dira (Erresuma Batuko eskualderik populatuena), Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak euren eskumen propioak dituztelako eta konfinamenduari eutsiko diotela iragarri dutelako. Dena dela, Johnsonek ohartarazi duenez, neurri horiek bertan behera geratuko dira pandemia berpizten bada.
Babes neurriak eta pertsonen arteko distantzia
Johnsonek adierazi duenez, "irizpide aldaketa egongo da, eta etxetik lan egin ezin dutenei (eraikuntza eta manufaktura-industriak, esaterako) lanera joatea eskatuko zaie".
Sindikatuen kritiken aurrean, Erresuma Batuko lehen ministroak azaldu du babes-neurriak eta pertsonen arteko distantzia errazteko irizpideak emango zaizkiela enpresei.
Pandemia berpizten ez bada, bide-orriaren "bigarren urratsa" izango da ekainean hainbat denda eta lehen mailako hezkuntzako eskolak irekitzea. Geroago, uztailean, bigarren hezkuntzako eskolak irekiko lituzkete, eta ostalaritza.
Bestalde, Johnsonek aurreratu duenez, Erresuma Batura hegazkinez heltzen diren herritarrei 14 eguneko koarentena ezartzeko proposamena prestatzen ari da, argibide gehiago eman gabe.