Mundua -
Zisjordania
Netanyahuk bi hilean anexionatu nahi du Zisjordaniaren zati bat
Nazio Batuen Ekialde Erdikorako arduradunaren ustez, erabaki aldebakar hori "gero eta mehatxu handiagoa da eskualdeko bakearentzat".
Agentziak | Erredakzioa
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "konfiantza" du Zisjordania okupatuko hainbat zati bi hilean anexionatzeko moduan izango dela, AEBren bake proposamenaren barruan, estatubatuar talde ebanjeliko bati bidali dion mezu batean esan duenez.
"Duela hiru hilabete, (Donald) Trumpen bake planak Israelen eskubidea aitortu zuen Judea osoaren eta Samariaren (Zisjordania) gainean, eta Trump presidenteak agindu zuen Israelek bertako eta Jordanen ibarreko komunitate juduen gainean duen burujabetasuna aintzat hartuko zuela", esan du Netanyahuk, eta honakoa erantsi du: "Bi hilabete barru, agindu hori beteko delakoan nago eta sionismoaren historiako beste une historiko bat ospatzeko moduan egongo gara".
Mendeurreneko Ituna esaten dioten estatubatuarren planak Zisjordaniako koloniak anexionatzea aurreikusten du eta bat dator Netanyahuren Gobernuaren jarrera askorekin, baina ez du aitortzen Israelen eskubiderik Zisjordania osoaren gainean.
Trumpek agintea hartu zuen arte, Etxe Zuriak palestinar lurralde okupatutzat hartzen zuen Zisjordania, Palestinako Estatua bertan sortu behar zela zioen eta bertako asentamendu juduak ez zituen zilegitzat hartzen.
"Nazioarteko legedia urratzen"
Nazioarteak zorrotz kritikatu du azken egunotan Israelek Zisjordania anexionatzeko helburuan aurrerapauso aldebakarrak egin izan. Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak ezbaian jarri dute erabakia, eta bat egin dute, horrela, Nickolay Mladenov Nazio Batuen Erakundeak Ekialde Erdikorako duen arduradunaren hitzekin, horrek asmo hori lurraldeko bakearen aurkako "mehatxu gero eta handiagoa" dela esan eta gero.
Josep Borrell europar diplomaziaren buruak ere anexioak ekarriko lituzkeen arriskuez ohartarazi zuen, "nazioarteko legediaren urraketa serioa" izango zela esan zuen, eta errepikatu zuen Europar Batasunak ez duela aintzat hartzen Israelen subiranotasuna 1967tik aurrera okupatutako lurraldeetan.
Netanyahuk eta Beny Gantz zentristak "Larrialdi Nazionaleko Gobernua" eratzeko astelehenean sinatu zuten hitzarmenak dioenez, uztailaren 1ean iritsiko da Zisjordania anexionatzeko asmoa Parlamentura.