Mundua -
Maiatzaren 4tik aurrera
Senideei bisitak egitea eta parkeak irekitzea baimenduko ditu Italiak
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak iragarri duenez, hiletak egin ahal izango dira, senideen talde txikiekin, betiere segurtasun neurriak errespetatuta eta maskarak jantzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maiatzaren 4tik aurrera, senideei bisita egitea eta parke eta lorategi publikoak irekitzea baimenduko du Italiako Gobernuak, konfinamendua malgutzeko prozesuaren hasieran. Dena dela, ohartarazi duenez, batzar sozialak egiteko baimenik ez da egongo.
Giuseppe Conte lehen ministroak deseskalatze prozesuaren xehetasunak eman ditu. Kirola egitea posible izango dute, metro bateko distantzia gordeta, eta hiletak ere egin ahal izango dituzte, gehienez ere 15 seniderekin, betiere guztiak maskara jantzita eta segurtasun distantzia gordeta eginez gero.
Gainera, maskaren gehienezko prezioa ere ezarri du Gobernuak, 0,50 eurokoa, eta BEZa kentzeko lanean ari da. Gainera, 37,5 graduko tenperatura dutenei kalera ateratzea galaraziko die; etxean geratu beharko dute, beste pertsonekin kontaktua izatea saihestu eta medikuari deitu.
Jatetxeek ere ateak irekitzeko aukera izango dute, baina jatekoa erosi eta etxera eramateko soilik.
Hala ere, maiatzaren 4an jendeak ezingo du askatasun osoz mugitu. Debekatuta izango dute lurralde batetik bestera joatea, baina lurralde bateko udalerrien artean mugitu ahalko dute, betiere lanarekin, osasunarekin eta oinarrizko beharrizanekin lotutako arrazoirik badago.
"Orain birusarekin elkarbizitzen hasi behar dugu. Argi izan behar dugu bigarren fase honetan kutsatzeen kurbak gora egin dezakeela berriro. Arriskua hor dago, eta erantzukizunez jokatu behar dugu", adierazi du Contek.
Maiatzaren 18an, museoak eta liburutegiak
Neurri horiek guztiak indarrean izango dira bi astetan, maiatzaren 18ra arte, eta malgutasun neurriak handituko dituzte orduan: txikizkakoen saltokiek, museoek eta liburutegiek ateak zabalduko dituzte, eta taldeen arteko partidak jokatu ahal izango dira kirol zelaietan.
Hala ere, Conte ez da ausartu esatera Italiako futbol txapelketa noiz jarriko den berriro martxan.
Ekainaren 1ean, tabernak, jatetxeak eta ile-apaindegiak
Ekainaren 1ean, italiarrek beste pauso bat emango dute: tabernak eta jatetxeak zabalduko dituzte, baita ile-apaindegiak, estetika-zentroak eta masajeak ematekoak ere.
Ikastetxeak ez dira ikasturte amaieran zabalduko. Gobernuaren asmoa jarduera irailean hastea da. Contek, gainera, 24.000 irakasle kontratatzeko erraztasunak emango dituztela adierazi du.