Mundua -
Koronabirusa
Trumpek COVID-19aren osteko "berrirekitzeko plana" aurkeztu du
Plan hori faseka, eremuka eta egutegi zehatzik gabekoa izango da. New York edo New Jersey bezalako estatuek oraindik ez dute berriro irekitzeko aukerarik izango, AEBko presidenteak esan duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trumpen Gobernuak koronabirusaren osteko ekonomia eta gizartea "berrirekitzeko" plana aurkeztu du, faseka, eremuka eta egutegi zehatzik gabekoa.
Buruzagi estatubatuarrak estatuetako gobernadoreen esku utzi du berriro irekitzeko erabakia, eta argi utzi du baldintzak betetzen dituztenek bihartik aurrera egin ahal izango dutela.
Trumpek azaldu duenez, herrialdeko 50 estatuetatik 29 bihar lehen fasean irekitzeko moduan daude.
Lehenengo fase horretara sartu ahal izango dira koronabirus kasuak 14 eguneko epean gutxitu badira eta ospitaleek normaltasun egoeran jarduten badute.
Eskolek itxita jarraituko dute, zaharren egoitzetara bisitak egitea debekatuta egongo da, herritarrei 10 lagunetik gorako elkarretaratzeak saihesteko eskatuko zaie, telelana sustatzen jarraituko da eta jatetxe, gimnasio edo zinema bezalako negozioek urruntze sozialeko arauak betez ireki ahal izango dute.
Bigarren fasean, eskolek berriro ireki ahal izango dute, baita tabernek ere, 50 lagunetik gorako elkarretaratzeak saihestu beharko dira, telelana sustatzen jarraituko da, eta funtsezkoak ez diren bidaiak berriz hasi ahal izango dira.
Azkenik, hirugarren fasean, egoitzetarako eta ospitaleetarako bisitak irekiko dira, lantokiek murrizketarik gabe jardungo dute, baina tabernak, jatetxeak eta zinemak bezalako negozioek urruntze sozialeko arauak betetzen jarraitu beharko dute.
"Gure bizitzak berriro hasten ari gara. Gure ekonomia modu seguruan, egituratuan eta oso arduratsuan suspertzen hasi gara", esan du agintariak.
Bestalde, New York edo New Jersey bezalako estatuek, Estatu Batuetako agerraldiaren epizentroak, oraindik ez dute berriro irekitzeko aukera izango, Trumpek azpimarratu duenez.
AEBk 675.000 koronabirus kasu baino gehiago zenbatu ditu eta hildakoak 34.500 baino gehiago dira. Duela egun batzuetatik, kutsatzeen kopuruak gora egin du, 30.000 eguneko, eta hildakoak egunean 2.000 inguru dira.