Mundua -

KORONABIRUSA

Maiatzaren 3ra luzatu dute konfinamendua Italian, baina denda batzuk irekiko dituzte

Liburu dendak, paper dendak eta haurrentzako dendak dira. Baso sektorea ere martxan jarriko da. Aldiz, sektore industriala etenaldian egongo da maiatzaren 3ra arte.

Giuseppe Conte atzo.
Giuseppe Conte atzo.
Giuseppe Conte atzo.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak murrizketak eta konfinamendua maiatzaren 3ra arte luzatu zituen atzo, koronabirusari eusteko. Dena dela, apirilaren 14tik aurrera zenbait negozio irekitzeko baimena eman dute, hala nola liburu dendak, paper dendak, haurrentzako dendak eta basogintzako zenbait zerbitzu. Orain arte, elikagaiak eta oinarrizko produktuak saltzen zituzten dendak, supermerkatuak eta farmaziak bakarrik zeuden irekita.

Apirilaren 13ra artekoa zen atzora arte indarrean zegoen konfinamendu dekretua eta atzo italiarrei helarazitako mezuan, maiatzaren 3ra arteko luzapena iragarri zien lehen ministroak: "erabaki zaila eta beharrezkoa da, eta erantzukizun osoa nire gain hartzen dut".

Aholku ematen dioten zientzialari batzordeari jarraiki hartu du erabakia Contek: "Hartutako neurriak fruituak ematen ari direla eta funtzionatzen ari direla adierazten dute" esan zuen, baina jendea etxean egotearen beharra defendatu zuen, batez ere Pazko zubia eta Pazko Maiatzaren Lehena gertu dauden honetan, eta Italiako enpresa nagusien jardunak ere bertan behera jarraitzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

"Ezin ditugu egindako sakrifizioak arriskuan jarri, lortutako emaitza positibo guztiak gal daitezkeelako", adierazi zuen.

Italiako Gobernuak maiatzaren 3aren ondoren "2. fasea" deiturikoa hasteko itxaropena du; hau da, herrialdea pixkanaka irekitzea, baina Contek adierazi zuen data hori baino lehen egoera hobetzen bada soilik pentsa daitekeela sektore batzuk berrabiaraztea.

Esperantza horretan, segurtasun protokoloak prestatzera eta instalazioak lehenbailehen desinfektatzera dei egin zien enpresei.

Joan den otsailaren 21ean Italiako lehen kutsatze kasua atzeman zutenetik, 147.577 positibo izan ditu Italiak; horietatik 18.849 pertsona hil egin dira, eta 98.273 gaixorik daude oraindik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Italia Koronabirusa