Mundua -
Koronabirus
MOEri dirurik ez ematea pentsatzen ari da Trump, "txinazentrismoa" egotzita
"Txinako bidaien debekua kritikatu zuten, eta oker zeuden", azaldu du, Munduko Osasun Erakundeari erreferentzia eginez.
agentziak | erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak esan du Munduko Osasun Erakundeari (MOE) diru gehiagorik ez ematea pentsatzen ari dela, koronabirusaren aferan erakundea "Txinan zentratuegi" dagoela iritzita.
"Ez dut esaten egingo dudanik, baina aztertu egingo dugu", adierazi du Trumpek koronabirusari buruzko lantaldearen bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Etxe Zurian. "Ez dakit, badirudi (MOE) Txinaren alde jarri dela", gaineratu du.
Horren aurretik, agintari estatubatuarrak Twitter sare sozialean jo du erakundearen aurka, "txinazentrismoa" egotzita, pandemiari aurre egiteko eman dituen aholkuak "okerrak" zirelako.
Koronabirusaren krisiaren hasieran MOEk Txinako mugak irekita uztea aholkatu izana aipatu du Trumpek, eta AEBen eta Txinaren arteko hegaldiak debekatzearen aurka agertu zela.
"Txinako bidaien debekua kritikatu zuten, eta oker zeuden", azaldu du.
Gaurko adierazpenak ez dira berriak, izan ere, Etxe Zuriak proposatua zuen Munduko Osasun Erakundeari bideratutako aurrekontua erdira murriztea 2021ean.
Bestalde, buruzagi estatubatuarrak azpimarratu du 110.000 arnasgailu herrialde osoan zehar banatzeko lanean ari direla, baina uste du ez dituztela beharko.
AEB da munduan covid-19 kasu gehien dituen herrialdea (396.223 kutsatu eta 12.722 hildako), eta New York estatua da pandemiaren erdigunea, 138.836 kutsaturekin eta 5.489 hildakorekin.