Mundua -
Koronabirusa
Mundu-mailako hainbat lider ohik COVID-19aren aurkako funtsak eskatu dizkiote G20ri
8.000 milioi dolarreko osasun-larrialdiko funtsa bat segituan onartzea galdegin dute (hau da, 7.335 milioi euroko funtsa bat), pandemiaren bigarren bolada bat prebenitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Hainbat buruzagi politiko ohik eta zenbait erakundeko agintari ohi batzuek, guztira 165 lagunek, tartean 92 presidente eta lehen ministro ohik, eskatu diote G20ri finantzazio kolektiboa segituan onartzeko, eta COVID-19 gaitzaren pandemiaren aurka borrokatzeko koordinatutako ekintzak abiatzeko.
Gutun ireki baten bidez, agintari ohi horiek eskatu dute segituan 8.000 milioi dolarreko osasun-larrialdiko funtsa onartzea (hau da, 7.335 milioi euroko funtsa), koronabirusaren pandemiaren bigarren bolada prebenitzeko.
Funts horien bidez, koronabirusaren aurkako txertoa erdiesteko ahaleginak azkar bultzatuko lirateke; halaber, tratamendu terapeutikoak ikertzeko ere erabiliko litzateke dirua.
Horrez gain, eskatu dute herrialde pobreenei zor-interesen ordainketa barkatzea; izan ere, haien iritziz, "zerga-koordinazio globala" izatea ezinbestekoa da, "saihesteko atzeraldia depresio bihur dadin".
Premiazko laguntzarik ez balitz, baliteke 1,2 heriotza izatea Afrikako eta Asiako herrialde pobreenetan, testuaren arabera: "Osasun-larrialdia konpondu arte, larrialdi ekonomikoa ez da konponduko".
35.000 milioi dolar, osasun-sistema ahulduenak dituzten herrialdeentzat
Egoera aztertuta, lider ohi horiek, halaber, 35.000 milioi dolar eskatu dituzte, hau da, 32.155 milioi euro, osasun-sistema ahulduenak dituzten herrialdeentzat, baita pandemiako arriskuak handienak izan litezkeen herrialdeentzat ere.
Testua sinatu dutenen artean, Gordon Brown, Tony Blair eta John Major lehen ministro britainiar ohiak daude, bai eta Felipe Gonzalez eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak ere.
Ana Palacio Espainiako Atzerri ministro ohiak eta Romano Prodi eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidente ohiek ere izenpetu dute gutuna.
Ricardo Lagos Txileko presidente ohiak, Andres Pastrana Kolonbiako presidente ohiak, Ernesto Zedillo Mexikoko presidente ohiak eta Lucio Gutierrez Ekuadorreko presidente ohiak ere sinatu dute testua, bai eta Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusi ohiak ere.