Mundua -
Koronabirusa
Larrialdi egoera ezarri dute Japonian, hilabeterako
Shinzo Abe herrialdeko lehen ministroak Tokion, Osakan eta beste bost eskualdetan ezarri du osasun alerta, heriotza eta kutsatuen kopuruak gora egin duela ikusita.
Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak alarma egoera ezarri du gaur, asteartearekin, hilabeterako, Tokion, Osakan eta herrialdeko bost eskualde gehiagotan, koronabirusa zabaltzea ekiditeko, NHK telebista kate publikoak jakinarazi duenez.
Abek esana zuen Asiako herrialdearen historian aurrekaririk ez duen urrats hori eman behar zutela, covid-19ak eragin dien heriotza eta kutsatzeen kopurua nabarmen handitu delako, batik bat Tokion, Osakan eta beste hiri handi eta populatu batzuetan.
Tokian tokiko agintariek, beraz, erabaki ahalko dute eskolak eta beste espazio publiko batzuk itxiko ote dituzten edo koarentenak ezarriko dituzten, nahiz eta lehen ministroak astelehenean esan zuen adituek ez dutela uste erabateko itxialdia beharrezkoa denik. Halaber, garraio publikoak martxan jarraituko duela baieztatu zuen, eta Gobernua jarduera ekonomiko eta sozialei ahalik eta luzaroen eusten saiatuko dela erantsi.
Azken 24 orduetan, Japonian bederatzi pertsona kutsatu gehiago zenbatu dituzte eta 4.108 kasu pilatu dituzte dagoeneko; gainera, guztira, 97 pertsona hil dira. Tokioko eskualdean, 1.116 kasu zenbatu dituzte, 428 Osakan, 278 Txiban, 271 Kanagawan, 239 Aitxin eta 209 Hyogon.