Mundua -
Koronabirusa
Trumpek apirilaren 12an nahi du berriz ireki AEBko ekonomia, koronabirusa gorabehera
"Hau oso mingarria izan da gure herrialdearentzat, eta asko ezegonkortu gaitu; lanera bueltatu behar gara", esan du presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak astearte honetan esan duenez, "herrialdea apirilaren 12rako irekitzea” gustatuko litzaioke; hau da, herritarrak egun horretarako lanean berriro izatea da Trumpen asmoa, koronabirusaren krisia gorabehera.
"Asko gustatuko litzaidake herrialdea irekita eta lanean izatea Pazko-iganderako, hau da, apirilaren 12rako", esan du Trumpek, Fox News katean egin dioten elkarrizketa batean. "Hau oso mingarria izan da gure herrialdearentzat, eta asko ezegonkortu gaitu; lanera bueltatu behar gara", gehitu du.
19 egun soilik geratzen dira Pazko-iganderako, eta hainbat estatuk ezarri berri dituzte koarentenak koronabirusaren kutsadurak ez hedatzeko, baina Trumpek berretsi du ekonomia suspertu behar dela: "Nire iritziz, askoz ere jende gehiago hilko da egoera honetan jarraitzen badugu", ziurtatu du presidenteak; izan ere, langabeziaren gorakadak eta salerosketa batzuen finantza-porrotak "milaka suizidio" eragingo dituzte, herrialdeak denbora luzean jarraitzen badu geldituta.
"Normaltasunera ahalik eta arinen bueltatu behar gara", berretsi du. Ekonomiak, haren esanetan, "indartsu" egin lezake gora, neurriak laster lehengoratzen badira.44.000 lagun baino gehiago kutsatu dira AEBn, eta gutxienez 544 hil, zenbaketa ofizialaren arabera. Kutsaduren erritmoa biziagoa da, egunetik egunera, herrialdean.